• IRITZIA
  • Milioidunak herrialdearen agintean?
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Milioidunak herrialdearen agintean?

2025eko otsailaren 10a
Eg. 2025eko otsailaren 10a
xabi murua 2022

Gaurko atala azkenaldian areagotzen ari den ideia baten inguruan sakontzeko baliatu nahi nuke:  enpresari dirudunek —Trump, Musk, Milei, etab.— politikan sartu eta herrialde bat enpresa-egitura emateko duten ideia obsesiboa. Edozein herrialdetako hauteskunde-prozesuetan, gero eta gehiago ikusten ditugu enpresa handietako zuzendaritza-mahaietan ibilitakoak politikan murgiltzen, herrialdeen gobernagarritasuna merkatuaren logikaren arabera moldatzeko intentzio eta konbentzio osoz..

 

Eztabaida ez da berria, baina badirudi azkenaldian ideia hegemoniko bilakatu dela: herrialde bat enpresa bat bezala kudeatu behar dela. Efizientzia, irabaziak, produktibitatea… merkatuaren legeak zuzenean aplikatu nahi dira estatu-egituretara.Trumpek, Musk buru duela, administrazioaren erabateko erreforma gidatuko du, enpresa bailitzan, herrialdea efiziente egin eta enpresa itxura emateko. DOGE izenez ezagutua, AEBtako Gobernuaren Eraginkortasun Departamentua izango da, administrazio publikoaren erreforma diseinatu eta gauzatzeaz arduratuko den erakunde berria. Elon Musk eta Vivek Ramaswamy enpresaria izango dira administrazio berriak “bulego-krazia desegiteko, araudi gehiegizkoa murrizteko, alferrikako gastuak mozteko eta agentzia federalak berrantolatzeko” bidea prestatzeko arduradunak.

Lehen ikuspegian, sinplea dirudi: enpresa batek ahalik eta gehien irabazi nahi du, gastuak minimizatu eta produkzioa optimizatu. Estatua, berriz, gastua kudeatzeko tresna da, ongizate kolektiboa bermatzea xede duen sistema, eta derrigorrez ikuspuntu ekonomiko batetik errentagarriak ez diren politikak bultzatzeko bidea. Enpresa batek errentagarritasuna lehenesten du, eta norabide ekonomiko bakar batean pentsatzen du, baina estatuek ezin dute irabazien logikan funtzionatu. Eta hemen dator paradoxa: “herrialde bat enpresa bat bezala kudeatu behar da” esaldia gero eta gehiago errepikatzen den arren, enpresa handiek beraiek ez dute horrela jokatu nahi. Haien kapitala ez da inoiz herrialde batean geratzen, nazioarteko merkatuan sakabanatzen da eta dibertsifikatzeko joera hartzen du. Eta hortik dator gaur egungo bigarren tendentzia handi bat: estatuen arteko merkatua sortzen ari da: ekonomia, teknologia eta kontrola oinarri dituen merkatua.

 

Munduko politika ekonomikoak enpresen interesen arabera erabakitzen ari dira. Estatuak, enpresa erraldoien logikan sartuta, fiskalitatea lehiakortasun-elementu bihurtzen ari dira. Zerga-sistema malguen arteko borroka, merkataritza-itun berriak, arantzelak, teknologia garatzeko babes politikoak… Estatuen —Txina, AEB eta Europaren artean, batez ere— arteko harremanak enpresa handi baten negoziazio itxura hartzen ari dira gero eta gehiago. Eta ekonomia gerra honetan, teknologiaren bidez kontrolatzen ari dira joko zelaia. Espazio digitaleko hegemonia duten korporazioak —X, Meta, Amazon, TikTok…— botere eremu berriak sortzen ari dira: dirua, datuak, komunikazioa eta azpiegitura guztia beraien eskuetan baitago. 

Liberalismoaren espresio gorenean gaude. Estatuak merkatuaren joko-arauetan lehiatzen dute, eta politikaren ardatza interes publikoan oinarritu beharrean, negozio pribatuaren alorrera eramaten ari dira milioidun ezagun hauek guztiak. Estatu ahulduak ditugu, gobernuek gero eta gaitasun gutxiago baitute multinazional erraldoien aurrean, eta fiskalitatearen malgutasuna lehiakortasun tresna bihurtzen ari garenez, baliabide publikoen bideragarritasuna konpromisoan jarri genezake. Herrialdeak ez dira enpresak, eta gobernatzeko moduak ere ez luke halakoa behar.