Bizitzan estres gehien sortzen duen gertakizunen artean dira mudantzak. Hala diote psikologia esparruan eginiko ikerketek. Estres horren atzean dauden faktoreak dira leku batekiko izan dezakegun atxikimendua, etengabe erabakiak hartu behar izateak sortzen duen nekea, informazio gainkarga, finantza presioa eta ezkutuko kostuak... Eta hori guztia horrela izanik ere, atzean utzi berri dugun urtean EnpresaBIDEAko lantaldea bulegoz aldatu gara eta esparru pertsonalean ere etxez aldatzea egokitu zaigu hainbat kideri. Denera sei mudantza egin ditugu 2025ean. Bost gara eguneroko lantaldean, eta zazpi egiturazkoan, beraz, argi dago guretzat 2025eko hitza ez dela muga-zerga izan; guretzat mudantza izan da hitza.
Agian horregatik, 2026 hasi berria den honetan, ezin izan dut ekidin pentsatzea zein antzekotasun dauden urte batetik bestera igarotzearen eta bizitokiz —edo bulegoz— aldatzearen artean. Mudantzak aukera paregabea eskaintzen du dagoeneko balio ez duen hori botatzeko, urte berriaren bultzadak atzean utzi nahi dugun hori uzten lagundu ahal digun bezalaxe. Horrek esan nahi du den-dena atzean utzi ahalko dugula? Ez, noski. Zure pisukide berriak gustuko duen koadro itsusi hori etxe berrian jarri beharko duzu, ez izan zalantzarik. Eta ildo beretik, 2025etik 2026rako urte aldaketa egin dute gurekin batera desagerrarazi nahiko genituzkeen gauza askok: Gazako genozidioak, muga-zergen mehatxuak edota inflazioaren gorakada bortitzaz galduriko erosahalmenak. Eta etxebizitzaren krisialdiak ere bai.
Mudantzarekin eta urte berriarekin, gauza berriak ere irabaziko ditugu: aspaldian topatzen ez genuen liburu hori espero ez genuen tokian agertuko da, eta gutxien espero genuen —edota gehien desio genuen— albiste ona ekarriko digu 2026ak. Aitzitik, aldi berean, bai mudantzarekin, bai urte berriaren etorrerarekin, denboraren presioa sentituko dugu segur aski: lehenengoan, beti dagoelako nahi baino denbora gutxiago gauzak kutxetan sartu eta eramateko, edo altzariak desmuntatu, eraman eta berriro ere muntatzeko; eta bigarrenean, nahi baino azkarrago ohartuko garelako aurten sei urte beteko direla pandemia hasi zenetik, 25 urte dorre bikien kontrako atentatutik eta 51 urte Oskorrik lehen diskoa kaleratu zuenetik. Eta Agenda 2030rako lau urte besterik geratzen ez direla ikusiko dugulako.
Estresatu bazaitut, irakurle, barkatu. Ez da asmoa zu bigarren egunetik estresatzen hastea. Biek ala biek partekatzen duten beste elementu bat ere badelako: mudantza bat ez da amaitzen kutxa eta traste guztiak espazio berrian daudenean, horiek atera eta berkokatu egin behar direlako; eta 2026a hasi besterik ez da egin eta beste 363 eguneko iraupena izango du.
Izan ere, arestian aipaturiko gauza guztiek agerian uzten dutena zera da: denboraren presioa hor badago ere, mudantzak eta urte berriak ez datozela dena goitik behera aldatzera; prozesuak dira, progresiboak. Ez dira egun batetik bestera ez egiten, ez gertatzen. Heldu diezaiogun horri urteak sortuko dituen aukerei ere progresiboki heltzeko.