Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Mundua apustu bihurtzen dugu

2026ko apirilaren 20a - 05:30
xabi murua 2022

Polymarket fenomenoa gero eta gehiago agertzen ari da yankien eztabaida publikoetan, eta ez da kasualitatea. Lehen begiratuan, apustu-plataforma bat dirudi, baina haiek definitzen dutenez, “munduko gertakarien aurreikuspen plataforma” da, edo beste modu batera esanda, botere-logika garaikideak islatzen dituen tresna berri bat.

 

Sakondu aurretik, badakizu zer den Polymarket? Irakurri aurretik, sar zaitez ikustera. 2020an sortutako enpresa estatubatuarra da eta prediction market edo aurreikuspen-merkatuetan liderra. Niri online apustu plataforma bat dela esatea gustatzen zait, errealitateari lotutako edozein gai edo gertakariren gainean egiten diren apustuen plataforma: noiz amaituko da Irango gerra? Nork irabaziko du Championseko finala? Nor izango da garaile Hungariako hauteskundeetan? Eta tankera horretako beste milioika apustu egiten dira. Plataforma kriptodiruan oinarritzen da, eta bertako transakzio eta apustu guztiak horien bidez egiten dira.

Ez dago muga etikorik, ezta ekonomikorik ere: milioika eta milioika dolar jokatzen dira egunero uskeriak diruditen gaien inguruan apustuak egiten. Orain jada ez gara gertakarien ikusle edo kontsumitzaile soilik; gertakariak finantzatzen, baldintzatzen eta, kasu batzuetan, manipulatzen ere hasi gara. Esaterako, militar batek informazio pribilegiatua erabili zuen apustu bat irabazteko, eta israelgo bi herritar inputatu dituzte informazio militar sekretua erabiltzeagatik Polymarketen apustuak egiterako orduan. Horrek bi arrisku nagusi irekitzen ditu. Batetik, Trumpekin ikasi dugu erabaki politikoak ez direla soilik interes publikoaren arabera hartzen; hark ekar dezakeen etekin pertsonalaren logikarekin ere hartzen dituenik ere bada. Eta bestetik, informazio pribilegiatua duten gutxi batzuek aberastasuna pilatzeko aukera dutela, mundu osoko milaka pertsonen kontura. Trumpen iloba, antza, ez dabil urruti. The New York Timesen arabera, Trump Jr. Polymarketeko aholkulari bihurtu da, eta bere inbertsio-funtsak posizio estrategikoa hartu du enpresan, instituzioen eta espekulazioaren arteko muga lausotuz.

 

Taberna edo lagun artean egingo genituzkeen predikzioak n bider egitean, iritzi eta kontsentsu publiko moduko bilakatzen dira, eta iritzi soila zen hori, aurreikuspen bihurtzen da. Gero eta datu gehiago daude esateko merkatu horiek askotan errealitatearen hurbilketa nahiko fidagarria egiten ari direla: jendeak bere dirua jokoan jartzen duenean, iritzia ez da soilik iritzia. Apustu bat da. Eta horrek gizartean egon daitekeen informazio gutxi eta indibidualizatua bateratu, eta hura erreal izateko tresna bilakatzen du. Horregatik, prediction markets deituriko plataformek askotan inkesta tradizionalak baino emaitza zehatzagoak eman dituzte historikoki, eta Polymarketek duen erabiltzaile andanarekin, orduan eta zehatzagoak dira. 

Polymarketek logika hori muturrera eraman du eta mundu osoa “apustugarri” bihurtu du. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta informazio gehiago integratzen du merkatuak, eta, teorian, are eta zehatzagoa bihurtzen da aurreikuspena. Izan ere, merkatuak ez dira soilik errealitatea islatzen duten ispiluak; errealitatea baldintzatzen duten mekanismoak ere badira. Aurreikuspen bat oso sendo bihurtzen denean —adibidez, hauteskunde baten emaitza edo erabaki geopolitiko bat—, erabiltzaileen portaeran eragina izan dezake, eta erabiltzaile horien artean inbertitzaileak, politikariak edo erabakiak hartzen dituzten pertsonak badaude, beren jokabidea egokitu dezakete “merkatuak dioenaren” arabera. Europan oraindik ez da asko zabaldu, baina gainontzeko tendentzia estatubatuar guztiak bezala, bi urteren buruan gurean ere izango dugu.