Musika gelditu arren, dantzan jarrai dezagun

Aurreko astean aspaldian ikusi gabeko kide batekin egin nuen topo. Ilusioa egin zidan berarekin aurkitu izana, eta hurrengo batean garagardo bat hartzekotan gelditu ginen. Elkar agurtu eta bakoitzak bere bidea hartu aurretik, enpresa zer moduz zihoan galdetu nion, bi lagunen artean teknologia zerbitzu gisa eskaintzen duen enpresa jarri baitzuten abian orain denbora bat. Hark ondo eta gustura ari zirela erantzun zidan, baina bazitekeela 2023. urterako inbertsio beharra izatea. Erantzun hark solasaldia luzatu zuen, eta elkarrekin partekatu genituen inbertsio erronda eta negozio ereduen errentagarritasunari buruzko irakurketa batzuk biltzen saiatu naiz jarraian.

Urte askotan zehar enpresek sarrera malgua izan dute kapitalera. Enpresen balorazioak burugabeki puztu izan dira beti; nolanahi onartu eta suposizioetan oinarritutako negoziorik ez zegoen enpresetan milioika euroko inbertsioak egin dira, inongo eragozpenik gabe. Negozio berri bat martxan jartzeko inbertsioa behar duen enpresa batek excel batean oinarritu izan ohi du enpresaren etorkizuna; gehienetan, esponentzialki ahazten eta zerura doan kurba marraztuz. Excel honek etorkizunean lortu nahi dena ziurtatu nahi du. Lortuko den merkatu-kuota eta fakturazioa zehaztu, eta orainaldira ekartzen dira hipotesiok enpresaren balioa zehazteko, ia beti puztutako balorazioak. Dinamika honek start-up teknologikoen prezioak etengabe puztu ditu. Itsasgora izan denean ez da arazorik izan, baina itsasbehera datorrenean ikusiko da zein ontzik dituen zulo eta pitzadurak.

Mundu mailan, eta batez ere, eurogunean sufritzen ari garen inflazioagatik itsas mailak asko egin du behera; ahuldu egin da inbertsioen merkatua, eta kontserbadoreago bilakatu da erabakietan. Duela aste gutxira arte, Espainiako estatuan ehundaka finantzaketa-erronden berri ematen aritu dira inbertsoreak sareetan, baina inertzia hau kolpetik moztera doa datozen hilabeteetan, merkatua erabat idortzeraino. Inbertsiorik ezean, dirua amaituko zaie kapitalean oso intentsiboko negozio-eredua duten enpresei, eta larrialdi egoeran izango dira. Beste asko, ordea, ez dira errentagarriak izango, eta amaitutzat eman beharko dute euren ekina. Itsasbehera dator, eta finantzarioki indartsu eta osasuntsu izateko unea da, musika gelditu arren, dantzan jarrai dezagun.

Inflazioaren eragile nagusiek, energiaren krisiak eta jatorria Txinan duen hornitzen-kateen hausturak ekar dezaketen onuretako bat da inbertsioen prezioak berriro finkatzea. Baheketa bailitzan, egiazko negozio-eredua duten enpresak beste ideia espekulatiboengandik bereiziko ditu, eta enpresen balorazioen birdoitzea gertatuko da. Edo, beste modu batera esanda, benetan errentagarriak diren enpresek egingo dute aurrera.

Start-up izatera jolastea oso modan izan da orain arte. Ingeniariak han-hemen kontratatu, inbertsioa lortu eta abentura zirraragarria hasi zuten askok. Orain, ordea, kaxa positiboa egin beharko dute hilabetez hilabete, eta abentura polit hura ametsgaizto bilakatu daiteke egunetik egunera. Gerrikoa estutu eta erabaki zailak hartzeko unea iritsi da: lan-taldea murriztu, dirua xahutzeari utzi, hedapena gelditu… eta joko honetan aurreikusi ez diren beste hainbat erabaki hartu. Ez dut pesimista izan nahi, nire ustez errealitatea zein den plazaratu baizik. Estutu ditzagun gerrikoak, eraiki ditzagun negozio-eredu jasangarriak, marraztu ditzagun errealitate izatetik gertu dauden aurreikuspenak eta ikasi dezagun merkatuan egonaz. Inbertsio edo zorrarekin enpresa bat aurrera ateratzeak badu meritua, baina handiagoa izango du inongo laguntzarik gabe errentagarri egiten duenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK