Kasualitateak sortuak edo, batzuetan albisteek badaukate binaka azaleratzeko gaitasuna. Horrela berriki: batetik, mundu osoan eragina izan duen kantari katalanak disko berria kaleratu izana, albistegi guztietan atera dena eta S musika plataforma ezagunean erreprodukzio errekorra gainditu duena. Bestetik, 162 euskal musikarik beraien lanak S plataforma ezagunetik kanpo uzteko erabakia Musikariak Palestinarekin mugimenduari atxikita.
Albiste biak musika mundukoak, oihartzun eta eragin desberdinekoak izan arren. Lehenengo albisteari lotuta argitaratu den informazio uholdetik tanta batek eman dit atentzioa: kantariaren eta diskoaren izenak marka moduan erregistratzeko aurre lanak. Eta horrek eraman nau Jabetza Intelektualaren Munduko Antolakundean (WIPO ingelesez) musikarien erregistroan saltsan ibiltzen denboratxo bat egitera.
Kataluniako kantariak, nola ez, Rosalía marka erregistratuta dauka. Lehen aldiz Espainian, 2019an, eta ondoren Mexikon eta Brasilen. Enpresa bitartekaririk barik, kantaria bera da markaren jabea.
Bestelako paisaia Euskal Herriko musikarien artean. Ematen du mundu mailan marka babes handiena dutenak La Oreja de Van Goghekoak eta Amaia Montero direla. Espainian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Txilen dauzkate marka biak erregistratuta. Taldeak LOVG SLren izenean, bakarlariak bere izenean.
Euskal musikan topatutako erregistroak Espainia mailakoak dira: Zetak, Peio Reparazek erregistratutako marka da. Negu Gorriak, Kortatu eta Liher, musika ekitaldiei lotuta erregistratutakoak, baina ez da ikusten noren jabetzakoak diren. Era berean, erregistratuta baina jabea ikusten ez dela, Berri Txarrak, bitxikeria batekin: musika taldearen zerbitzuak atalean dago, baina baita ere hezkuntza zerbitzuetan eta kultur eta kirol ekintzetan. Aurreko horren haritik topatu ditut beste bi musika marka: Asmo Txarrak, Haritz Gojenolaren jabetzakoa, eta Aberri Txarrak, lau kideren jabetzakoa. Gorka Urbizu marka ez dago. Izaro bai, Izaro Andresen jabetzakoa. Hertzainak, Josu Zabalaren jabetzakoa 2022tik, eta La Polla Records, Evaristo Paramosena, 2017tik. Ez daude erregistratuta Fermin Muguruza edo Ruper Ordorika, abizen biak etxe-agentzia zerbitzuekin lotutako enpresa banarena dira; Muguruza Barakaldoko etxe-agentzia bat da, eta Ordorika Brasileko etxe-agentzia bat, biak ala biak kantariekin inolako zerikusirik izan barik, noski. Petti musikaria ere ez, baina marka Italiako janari enpresa batena da. Ez da inongo sarrerarik agertzen talde klasikoetan: Oskorri izenak ez dauka inongo sarrerarik, eta Itoiz musika munduarekin zerikusirik bat ere ez daukan Gasteizko enpresa batek du. Ez daude marken artean S plataformatik euren lana kendu duten beste musikari batzuk: Mursego, Ines Osinaga, Kokein, Joseba Irazoki, Ibil Bedi, Esanezin, Birkit.
Euren hitzetan, S plataformarentzako inor ez direla jakitun eman dute euskal musikariek pausua. Izan daiteke txikiaren ekintzak oihartzun ez oso handia izatea. Baina kontuan izan behar da txikiak daukan apurrari uko egiteak daukan ausardiaren balorea, handiak loturekiko daukan morrontzetatik askeago.