Musikaren boterea

Jaso dezala eskua astelehen batean lanerako bidean musika alaia jartzen ez duenak goizaren gogortasuna samurtzeko eta lanera motibatuta eta irribarretsu iristeko. Duela gutxi artikulu bat irakurri nuen, non Journal of Cultural Economicsen argitaratutako ikerketa bat aipatzen zuten, Juan de Lucio eta Marco Palomeque ekonomialariek egina. Bertan, ezpainetakoaren efektuari buruz hitz egiten zuten. Merkatuaren ezohiko fenomenoa da: egoera ekonomiko zailetan, kontsumitzaileek luxuzko artikuluak erosteari uzten diote, baina, trukean, beren autoestimua elikatzen duten objektu txikien gastua biderkatzen dute.

Musikak, zentzu horretan, botere handia du, eta ekonomian paper garrantzitsua betetzen du. Noizbait pentsatu izan duzue zer sentsazio sortzen dituzten dendetako, bulegoetako edo beste edozein gunetako hari musikalek? Askotan musika osagarri bat dela dirudien arren, kontsumitzaile, langile eta norbanakoetan eragiteko gaitasuna du.

Hain zuzen ere, hari musikalaren historiak Estatu Batuetan du jatorria. Muzak konpainiak sortu zuen 1865ean. Garai hartan, etxe orratzen eraikuntza goraka zihoan eta, ondorioz, gutxi batzuen eskura zegoen igogailu izeneko asmakizun berritzaile bat instalatzen hasi ziren.

Igogailuak hasieran ez zuten arrakasta handirik izan, jendearen beldurren eta aurreiritziengatik. Hori konpontzeko eta igogailuak lagunkoiagoak egiteko helburuarekin, musika jartzea erabaki zuten, erabiltzailearen joan-etorriak girotu, eta nerbioak zein beldurrak uxatzeko edo lasaitzeko.

1940ko hamarkadan, fabriketara eta enpresetara hedatu zen, eta zentzumen-estimulatzaile gisa zuen balioa izan zen arrakastaren arrazoi nagusia. Musika langileen aldartea hobetzeko eta produktibitatea handitzeko tresna bihurtuz. Gaur egun, hari musikalen erabileraz hainbeste hedatu da non, hari musikalak sortzera dedikatzen diren enpresak zein ikerketak ere dauden.

Nik neuk musika tresna gisa erabiltzen dut bezeroekin egiten ditudan prozesuetan, baina ulertu beharra daukagu beste tresna bat gehiago dela, eta ez panazea. Ez du beti funtzionatuko, bere erabilera mugatu egin behar da, eragina gal baitezake.

Azken batean, milaka tresna ditugu eskura, onerako zein txarrerako eragina izan dezaketenak. Agian musika onerako baino ez da izango, baina jabetzen al gara inguratzen gaituzten eta negatiboki (nahi ez dugun ekintzak) egitera bultzatzen gaituzten estimulu guztiez?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK