Musikarien ordainsaria

Musikaria langilea da, abestien letragilea langilea da, langile den moduan gidoilaria, itzultzailea, antzerkigilea, ipuingilea edo nobelagilea. Guztiek lana sortu egiten dute, eta ondorioz, lana errekonozitu behar zaie eta erabaki dezakete lana nola zabaldu. Baina beraien lana ekonomikoki ustiatzeko eskubidea ere dute. Egindako lanetik bizimodua ateratzeko, eta zergatik ez, dirutza irabazteko. Sortzaileen lana ordaindu egin behar da. Sortzailea langilea da, eta bere eskubide ekonomikoak betearazi behar dira.

Aurtengo uda kontzertuz eta jaiz josita dator. Nola ordainduko zaie lana musika eta kantak sortzen dituzten egileei? Emanaldi bakoitzeko ordainsaria jasoko dute, baina, era berean, emanaldien antolatzaileek kudeaketa entitateari tarifa bat ordaindu beharko diote sormen lanak sortutako egile eskubideak ordaintzeko. Kontzertu antolatzaileek SGAEko ikuskatzailearen bisita jasoko dute ordainketa egiteko. Urte osoan zehar dendek, merkatal guneek, tabernek, jatetxeek edo tokiko zein maila nazionaleko irrati eta telebistek SGAEri tarifa ordaintzen dioten bezala.

SGAE legez baimenduta dago Espainian musikari eta letragileen eskubideak kudeatzeko: dirua jaso, eta orain arte oso eztabaidatua izan den kudeaketa baten ostean, egileen artean banatzen du. Egile batek SGAEri ustiatzeko eskubideen kudeaketa eman badio, entitateak egilearen musika lanen errepertorioaren komunikazio publikoa ordainaraziko du. Modu bakarra dago SGAEri ez ordaintzeko: egiaztatzea erabiltzen den musika guztia creative commons lizentziapean eginda dagoela, edo artistek interpretatutako obra guztiak beraienak eta beraien baimenarekin jo direla egiaztatzea. Horrela ez bada, SGAEk bere tarifa aplikatuko dio dagokionari, negoziatzeko batere lekurik gabe.

Izan ere, SGAE legez baimenduta dago bere tarifak ezartzeko, finkatzeke tarifak musikaren erabileraren araberakoak diren ala entitateak aldebakarretik ezarri duen tarifa. 2014ean lehen aldiz Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak SGAEren tarifak proportzioz kanpokoak zirela oharteman zuen, eta 2018tik hona Espainiako Auzitegi Gorenak zein Probintzia Auzitegi gutxi batzuk ari dira argudiatzen SGAE abusuzko posizioan dagoela eta tarifak inposatu egiten dituela. Azken epaia, oso argigarria, joan den maiatzaren 5ekoa, Zamorako Probintzia Auzitegiarena. Hark d io SGAEren tarifak bidezkoak izan behar dutela, bidezkotasuna auzitegiek kontrolatu behar dutela, eta ondorioz tarifaren beherapen bat ezartzen dio auzitara jo zuen kontzertu antolatzaileari.

Gauzak horrela, bitartean, egile eskubideak kudeatzen dituzten entitateen tarifak zehazteko metodologia finkatuko duen Agindu berria proiektu fasean dago, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egin dio proiektuari txostena. Batzorde honen aholkua da tarifak errepertorioaren erabilerari lotzea, erabiltzaileak errepertorioaren ustiaketatik ateratako ordainsariei lotzea, kudeaketa entitateak emandako zerbitzuaren kostea behar bezala definitzea, eta Europar Batasuneko tarifetara gerturatzea, egun Espainiako tarifa oso goitik baitabil.

Beharbada SGAErekin tarifak negoziatzeko bidea etor daiteke hemendik, eta ez gaurko eran, hark agindu eta erabiltzaileak ordaindu, ezer esateko, argudiatzeko edo frogatzeko ia tarterik barik. Musikariak jaso beharreko irabaziak horren beste itogin izan ez ditzan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK