Nahi baino 'gehio'

Bernardo Atxagak 22 urte zituen “Uztaila hontan beteko ditut/nik nahi baino urte gehio” idatzi zuenean. Ruper Ordorikarena da, irakurle, oraintxe zure buruan entzuten ari zaren ahotsa, eta kantak eragin dizkizun oroitzapenak nireak bezain sakonak badira, zeuk ere adinean aurrera zoazela esan nahi du. 22 urteko gazte bati hori barka dakioke (gutxienez, Bernardo Atxagari), horren gazte izanik, bizi izandakoaren ispiluan nekez ikusten baita oraindik bizitzeke dagoena. Gazteek heldu izan nahi dute, albait azkarren, eta helduok gaztetasun unibertsalaren iturrian oka egin arte edan behar omen dugu. Adinarekin harreman gaiztoa dugu, ia gaizbera.

Euskadik 65 urtetik gorako milioi erdi pertsona ditu, heren batek 80 urte baino gehiagorekin eta proportzio horrek gora eta gora egingo du, etenik gabe. Hamarkada bat baino gutxiagoan, biztanleriaren % 30 gaindituko du.

Batez besteko joera berbera da mundu osoan: Nazio Batuen Erakundeak egindako estimazioaren arabera, 2050ean 2.000 milioi adineko egongo dira munduan, hau da, munduan bizi diren 10 pertsonetatik ia hiru 70 urte baino gehiagokoak izango dira. Bertsoak berritzea dagokigu, etorkizun-proiekzioa horrenbeste luzatuta, bizitzari neurria hartzeko modua bera aldatu egiten baitzaio baita 22 urteko gazte bati ere.  

Joan den igandean Adinekoen Eguna izan zela eta, makina bat ekitaldi eta adierazpen izan zen. Orobat, adinekoek gurean pairatzen duten bazterkeria edo adinkeriari aurre egiteko deia egin zen bertan, adinean aurrera egiteak gaitasunetan atzera egitea ez duela ezinbestean ekartzen gogoratzeko; bai, pellokeria hori azpimarratu behar duen jende molde gara. Salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, baina, entzun nituen mezuek zerikusi handiagoa zuten gazte izatearekin lotzen diren gaitasunak aldarrikatzearekin, zahartzeak berez dakartzan bestelako ezaugarriekin baino. Kosta egin zitzaidan nire adineko pertsonekiko esperientzia bera parteka zezaketen pertsonak ikustea. Zaharrak bai, baina gazte itxurakoak, ikustea nahiago omen dugu. 70 urtetik gorakoa izanik ere egunean 20 kilometroko ibilaldi nordikoa egin dezakeen emakumea eredu gisa zekarren egunkari batek, adibidez. Irratian, bestalde, bizitza osoa lanean eman eta gero erretiroa hartu eta negozio berri bat abian jartzea erabaki duen gizona elkarrizketatu dute. Beren bizitza “ez ohikotasunik” gabe bizi duten milaka adinekoen bizitza arruntak, itxuraz, ez dira eredugarriak. Esango nuke, bada, ez dela munduko ideiarik bizkorrena adinkeria gaitzesteko egunean “zahar-gazteen” eredua adibide ia bakar gisa erabiltzea.

Bizi-itxaropenak gora egin duen neurri berean hobetu egin dira gure bizi-baldintzak. Baieztapen hori orokortzeko modukoa da, noski, baina hori bezain zuzenak diren beste baieztapen batzuk utz ditzake ezkutuan. Zahartzea esperientzia anitza da, eta bizitzako arlo guztiak bezalaxe, desberdintasunek zeharkatzen duten esperientzia da.

Zaharra izateak ez du ezintasunik sortzen, baina mendekotasun-egoera gehienak adin-tarte horretan metatzen dira. Zaharra izateak ez zaitu zertan isolatu behar, baina adin batetik aurrera gertatzen da maizen bakardadea konpainia bakarra izatea. Zahartu egiten gara eta gorputza higatu egiten da. Zimurrak ateratzen zaizkigu, aurpegian, eskuetan, bihotzean. Bizitza bera da, bere hizkuntza propioaz hitz egiten diguna.

Hobe genuke albait azkarren adiskidetzea gure gorputzaren adinarekin. Ez dugu besterik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK