Ahulki gogoratzen dut Naranjito, 1982ko Munduko Futbol Txapelketako maskota izan zen laranja irribarretsu hura. Laranja atsegina zen, errugabea, eta bere lagunen laguna. Garai sinple haien ikurra: laranjek estadioak alaitzeko balio zuten garaikoa, ez diskurtsoak berotzeko edo mapak berridazteko. Orduan, maskotek ez zuten boterea ordezkatzen; gehienez ere, folklore pixka bat.
Berrogeita lau urte geroago, ordea, mundua beste Naranjito baten inguruan biratzen da berriro. Hark ere “mundiala” izan nahi du, baina ez kirolaren bidez. Haren eszenatokia ez dira estadioak, baizik eta aliantzak, mehatxuak, difamazioa, propaganda eta indar-erakustaldiak, dena zuzeneko emanaldian. Eta haren irribarrea ez da inozentea: oso kalkulatua da.
Naranjito berriak ez du ezer atseginik, ez ezer errugaberik, eta are gutxiago bere lagunen lagun izatetik. Aliantzak lehertzen, tentsioak pizten eta ondoren harrituta agertzen espezializatu dela dirudi. Hala ere, harrigarriena da bere burua bakearen gizon gisa aurkezten duela. Bake oso berezia da berea: zaratatsua, ultimatumetan oinarritua, eta bolboraren usain iraunkorra dariona. Urrutitik begiratuta, bake horrek kontrakoa dirudi. Horren adibide esanguratsu bat da AEBetako Estatu Departamentuak berak Pax Silica izena jarri dion ekimen geopolitikoa. Izena bera ez da neutroa: pax hitzak bakea iradokitzen du, baina silicak —silizioak— kontrol teknologikoa esan nahi du. Bakearen hizkuntza erabiltzen da hegemonia teknologikoaren arkitektura izendatzeko.
Erdieroaleen, adimen artifizialaren eta hornikuntza-kate “seguruen” inguruan eraiki nahi den markoa da, eta 2025eko abenduaren 11n sinatu zen Washingtonen. Sinatzaileen artean daude AEBak, Japonia, Hego Korea, Singapur, Herbehereak, Israel, Emiratuak, Erresuma Batua eta Australia. Europar Batasuna, berriz, “gonbidatu” gisa agertzen da. Ez da xehetasun diplomatiko bat: botere-kategoria bat da.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Sinatzaile izateak arauak idazteko eskubidea ematen du; gonbidatu izateak, gehienez, aretoan egoteko baimena. Eta txipen munduan, aretoan egoteak ez du bermatzen sarbidea, lehentasuna edo segurtasuna. Horiek guztiak baimenen, esportazio-kontrolen eta “segurtasun” etiketen bidez administratzen dira. Pax Silica ez da lege-pakete lotesle bat, baina oso seinale operatiboa da: nork kontrolatzen duen abangoardia teknologikoa, nork saltzen duen belaunaldi zaharragoa, eta nork ordaintzen duen mendekotasunaren kostua. Teknologiaz ari garela dirudi, baina benetan hierarkiez ari gara.
Washingtonen logika koherentea da. Abangoardia teknologikoa —adimen artifizialerako beharrezkoak diren prozesadore aurreratuak (GPUak), errendimendu handiko memoria (HBM) eta txipak fabrikatzeko litografia-ekipamendu sofistikatuena— aliantza gisa antolatzen da. Belaunaldi zaharragoak, berriz, merkatu globalean saltzen dira, salto teknologiko berriak finantzatzeko. Baina gakoa ez da produktua; rola da. Aliatuak eta bezeroak. Aliatuek balio-kate teknologiko osoan parte hartzen dute, lehentasuna dute eta erabaki-zentroan daude. Bezeroek erosi dezakete, bai, baina harreman transakzional batean, AEBek ezarritako baldintzetan eta Washingtonen arbitraje-ahalmenaren menpe. Ez da merkatu askea: botere-harreman egituratua da.
Hori da kolonialismo ekonomikoaren bertsio garaikidea. Ez dizute atea ixten; irekitzen dizute, baina giltza beste norbaitek dauka. Eta baldintza nagusia ez da prezioa edo kalitatea: obedientzia estrategikoa da. Horrek Europan rol jakin bat normalizatu nahi du: kontsumitzaile fidela, ez ko-erabakitzailea. Europak “autonomia estrategikoa” aipatzen duen bitartean, AEBek “interoperabilitatea” eskatzen dute; eta askotan interoperabilitate horren letra txikia mendekotasuna da.
Euskal enpresen kasuan, egoera bereziki larria da. Gure industria-ehuna ez dago txip-katearen bazterrean; erdigunean dago. Automozioa, makina-erreminta, tren-sektorea, aeronautika, sare elektrikoak eta osasun-teknologia mikroelektronikaren mende daude. Gure lehiakortasuna gero eta gehiago da silikonazko lehiakortasuna. Horregatik, “bezero” gisa kokatzea ez da kontu semantikoa. Diseinu-zikloak, ekoizpen-plangintza eta inbertsio-erabakiak kanpoko lizentzia-logika baten menpe uztea da. Kolonia modernoek ez dute gobernadore militarrik: APIek, estandarrek, datu-jurisdikzioek eta txip-kuotek gobernatzen dituzte.
Testuinguru horretan, Basque Microelectronics Hub (BMH) bezalako ekimenek balio estrategiko argia dute. BMHk erakusten du euskal enpresek gaitasuna dutela ez soilik teknologia kontsumitzeko, baizik eta ezagutza sortzeko, gaitasun industrialak koordinatzeko eta balio-katean posizio aktiboa eraikitzeko. Horrelako ekosistemek aukera ematen dute bezero huts izatetik hornitzaile eta eragile izatera igarotzeko, baldin eta marko politikoak hori ahalbidetzen badu.
Europa zatituta mantentzea ez da akats bat; helburu bat da. Frantziak eta Alemaniak erabaki-zentroa bereganatzen duten bitartean, beste lurralde askok egokitzapenera mugatu behar dute. Hor dago benetako erronka: kolonia izateari uztea, baina barruko kolonialismo berri baten azpikontratista ez bihurtzea. Amaieran, galdera ez da teknologikoa. Politikoa da. Etorkizuna erabaki ahal izatea ala besteen bake-ereduaren menpe bizitzea. Ongizatea kanpotik hornitu daiteke; burujabetza, ez.
Eta bitartean, Naranjito berriak bakeaz hitz egiten jarraitzen du, laranja koloreko irribarre zurrunarekin. Mundua sutan, eta maskota harro. Pax Silica da bere azken asmakizuna, baina ez azkena: etorriko dira beste pax batzuk ere, beste izen garbiagoekin apainduak, beti logika berarekin: kontrola, menpekotasuna eta obedientzia, bakearen hiztegian bilduta.
Baina inperio guztiek dute nemesia, eta horiena ez da estatu jakin bat, ezta bandera zehatz bat ere. Bere nemesia errealitatea bera da: fisikak ezartzen dituen mugak, hornikuntza-kateen hauskortasuna, aliantza interesdunen iraupen laburra, eta batez ere, menpekotasuna normalizatu nahi ez duten gizarteen nekea.
Naranjito berriaren aurkaria ez da kanpokoa soilik; barrukoa da. Kontrolaren logikak sortzen duen kontraefektua, boterea zentralizatzeak dakarren ahultasuna, eta “bezero” bihurtutako aliatuek noizbait galdera deserosoa egitea: norentzat da bake hau, eta nork ordaintzen du bere prezioa? Ubi obedientia, ibi fragilitas.