Natibo digitalak eta gu

Deigarri gertatu zitzaidan Mayte Rius kazetariak, Desconcierto en la oficina izenburupean, La Vanguardia egunkarian idatzitako artikulua. Bertan Z belaunaldia hizpide zuen, hots, centennialak edo natibo digitalak: 1997 eta 2012 artean jaiotakoak, mundua internetik gabe ezagutu ez dutenak. Lan mundua ulertzeko beste modu bat daukate eta aurreko belaunaldiek ez bezalako balioa ematen diote, antza. Lehen normaltzat genuen lanpostu baterako hautagaia elkarrizketara zihoala azter zezaten; orain, aldiz, enpresa eta eskaintzen dieten proiektua ebaluatzera doaz. Rol aldaketa bat gertatzen hasia da: ebaluatua —ebaluazioaren objektu— izatetik, ebaluatzaile —subjektu— izatera pasatu omen da hautagaia lan-elkarrizketetan. Izan ere, konpainien balioak funtsezkoak dira gaur eguneko gazteentzat, ezinbesteko aldagai enpresa horretan lan egin edo ez erabakitzerako orduan. Jarrera hori izan banu nik 2006an!

Urte hartan, Parisko La Fémis zinema-eskolan Europear produkzio eta banaketa Atelier Network masterra bukatu nuen. Eskolaren prestigioak lagunduta, lehendabiziko lan-elkarrizketei ekin nien Frantziako zinema industrian. Zoritxarrez panazea izan behar zuena ez zen hala izan azkenean. Hiru ezezko borobil jaso bainituen oso denbora gutxian. Lehenik, Les Films du Losange Margaret Menegoz austriar-frantziar produktorearen ekoiztetxean. Bulego hartara iritsi eta ezezkoa emango zidaten berehalako bulkada sentitu nuen. Eta horrek, lasaitu baino, are urduriago jarri ninduen. Bigarrenik, Marin Karmitz produktore eta banatzaile famosoaren MK2 produktora, banatzaile eta zinema-areto enpresan. Egun lausotua izango nuen eta frantsesez trakets ibili nintzen. Deituko zidatela agindu zidaten, baina ez zuten horrelakorik egin.

Azkenik, produktore txiki baina arras interesgarriarekin bildu nintzen —edo hori zen nire aldez aurretiko ustea, behinik behin—. Ez dut esango ez bere izena ezta ekoiztetxearena ere, soilik Kataluniako iparraldekoa zela, administratiboki Frantziako lurraldekoa hain zuzen. Elkarrizketatik kontent eta esperantza izpi bat nuelarik atera nintzen; gerora, ordea, garraztu egin zitzaidan bilera haren akordua. Antinazionalista sutsua izaki, tipoak gogor kritikatu zuen Kataluniako murgiltze eredua, haren esanetan: “(eredu horrek) katalan gazteen artean gaztelerazko maila minimorik ez baitu bermatzen”. Ez nion esan D ereduan ikasle izandakoa nintzela eta ez nuela ez artean, ezta orain ere, inolako problemarik gaztelaniarekin. Ahoa itxi nuen garai hartan Parisko produktorarik guaienetan lan egitea helburu nuelako, Michael Haneke edo Lucile Hadzihalilovic bezalako zinemagile handien albo-alboan.

Beharbada X belaunaldiko kideok —1965 eta 1981 artean jaiotako baby boomerak— bizi oso baterako kontratua edo enpresa baten organigraman gora egiteko aukera izatea lehenesten dugu. Aldiz, natibo digitalek enpresa baten misioa edo enpresari egiten dioten ekarpena zein den ulertzea jakin nahi dute. Badugu zer ikasi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK