Nazkatuta nago

Nazkatuta nago entzuteaz kristalezko belaunaldia dela geurea. Nazkatuta nago lan egiteak zer esan nahi duen ez dakigula eta esfortzuaren kontzeptua ere ez dudala ulertzen aditzeaz. Eta, jakina, nazkatuta nago "nik, zure adina nuenean" esaldi ospetsua entzun beharraz.

Lana bermatuta zegoen paradigma batetik gatoz, eta, oro har, gizarteak egonkortasuna bilatzen zuen era tradizionalean: etxe bat erosi, familia bat eraiki eta gaztetan lanean hasi zinen enpresan erretiratzea.

Are gehiago, lehen lana guztiaren aurretik zegoen eta aparteko orduak sartzeko aukera ematea ospatzeko zerbait bezala ulertzen zen. Gaur egun ideia horiek ez partekatzeagatik, edota orokorrean sisteman aldaketak eskatzen ditugulako, kristalezko belaunaldia gara? Zergatik? Lan-baldintza hobeak eskatzen ditugulako? Beste zenbait gai lehenesten ditugulako independentzia baino lehen, alokairuen prezioak kontuan edukita?

Izan ere, ez dugu beste belaunaldi bateko pertsonek egiten duten bezala pentsatzen. Sentitzen dut ozenki esan beharra, baina logikoa da: gizartea eta testuingurua aldatu dira, eta bilakaera izan du. Hala ere, argi laga nahi dut ez dela izan, ez dagoela eta ez dela izango garai hobeagorik edo okerragorik, desberdina baizik.

Carles Freixas Pompeu Fabra unibertsitateko gizarte-antropologoak dioenez, belaunaldien arteko inkomunikazioa helduek gaztaroaren inguruan duten kontzeptuaren edo esperientziaren arabera gazteria epaitzetik dator.

Horri gehitzen badiogu gaur egun gazteak natibo teknologikoak direla, distantzia are handiagoa izatea eragiten du. Freixasek honela definitzen du: iraganeko belaunaldien artean belaunaldien arteko aldea sortzen zen, baina egungo belaunaldien eta lehengoen artean belaunaldien arteko itzulera sortzen da, gazteek helduei aurrea hartzen baitiete eta gizartean aldaketa teknologikoaren joerak markatzen baitituzte.

Berdin du zein belaunalditakoa izan, belaunaldi bakoitzak bere kausak gidatu ditu eta egiturak bere erara zalantzan jartzen dute. Zorionez, belaunaldien arteko borroka hori gizarte-eremuan baino ez dut bizi izan, baina argi dago lan-arloan erronka handia dela enpresentzat.

Pentsatzeko eta lan egiteko modu desberdinak dituzten belaunaldien arteko bizikidetza hain da beharrezkoa, non lehenik eta behin identifikatu behar dugun belaunaldi bakoitzak eta pertsona bakoitzak ekarpen desberdina egiten duela. Ondoren, aniztasunaren kultura hori eraiki eta sustatu behar da, prestakuntzen bitartez adibidez: mentorinaren edo reverse mentoring delakoaren bitartez. Azken horren helburua da belaunaldi gazteenek beren ezagutzak belaunaldi zaharragoekin partekatzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK