Negoziatzeko obligazioa

2025eko azaroaren 13a
elena laka

Ez naiz ari, ez, legebiltzarkideek edo kongresukideek aurrekontuak edo Arartekoa moduko izendapenak adosteko negoziatzeko obligazioaz.

 

Epaitegietan mugitzen garenon mundutxoaz ari naiz. Izan ere, joan zen apirilean 1/2025 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik aztoratu samar dabilelako epaitegien ekosistema. Lege horrek, azkar eta labur esateko, negoziatzeko obligazioa ezartzen baitu epaitegietan demanda zibil edo merkantil bat sartu aurretik. Alegia, partikularren edo enpresen arteko gatazken inguruan ez dela demandarik onartzen epaitegietan (salbuespen jakin batzuk salbu) aurretik ez bada egiaztatzen jarduera negoziatzaile bat egon dela gatazka daukaten alderdien artean.

Gai baten inguruan adostasunik ez duten alderdiak negoziatzeko obligazioaren menpe jarrarazteko, Lege Organikoak Ilustrazio garaiko printzipio bat ekartzen du harira: justiziaren tenpluan sartu aurretik adostasunaren tenpluan sartu beharra dago, dio. Eta printzipio horren ipar orratzaz baliatuta, helburutzat dauzka gizartean dagoen gatazka murriztea, epaitegietako lankarga gutxitzea, eta ahalik eta gatazka gehien adostasun bitartez konpontzea. Motibazio filosofiko eta arrazionalista batetik abiatuta, alderdiek euren konponbide propioa adostasun bitartez ezartzea bilatzen du, oso helmuga puntu praktiko batekin: josturak errebentatu beharrean dagoen lanez gainezkako sistema judizialari lankarga arintzea.

 

Ilustrazioko printzipioa baino esaera arruntagotik abiatuta negoziatzen zuten orain arte ere herritar edo enpresa askok: hobe akordio txar bat auzi on bat baino. Bezeroen interesak defendatzerakoan abokatuok narrua sendotuta daukagu negoziazio bidezko adostasunak urratzen.

Lege Organikoa indarrean sartu ostean baina, negoziatu izana erakutsi behar da, legeak bide desberdinak ezartzen dizkigu negoziatzeko (negoziazio zuzen frogagarria, bitartekaritza, eskaintza lotesle konfidentziala, hirugarren aditu baten iritzia…), bide asko eta baliabide gutxi "zeuk egizu" gure sasoiko lelo gero eta errotuagoa erabiliz. Negoziatzen saiatu izana frogatu behar da demanda bat jarri aurretik, eta negoziazioaren porrotaren erantzukizuna ere zigor dakioke adostasunerako ahaleginik egin ez duen alderdiari.

Beste behin arlo pribatua eta publikoaren arteko desberdintasunaren arrakala zabaltzen zaigu. Arlo pribatuan, herritarrari zein enpresari gatazka zibilak zein merkantilak konpontzeko negoziazioa eskatzen zaio halabeharrez. Administrazioarekiko auzietan ez, ezin da negoziatu, administrazioak esaten duena auzietan baino ezin da aurkatu.

Eta guztiaren gainetik, arlo erabat publiko eta politikoek ematen diguten ereduari erabateko talka egiten dio negoziatzeko obligazioak. Pribatuari gizartearen gatazka murrizteko negoziatzeko obligazioa ezartzen zaio. Publikoak eta politikoak ostera ez dauka, antza, adostasunaren tenplutik igarotzeko beharrik, eta zuzenean badauka konfrontaziora edo gizarte adostasunbako egoerara joateko autobidera jotzea.