"Nekatutak"

Adiskide batek deitu dit lanpostuaz aldatu nahi duela eta, modu diskretu batez, aukera berriak aurkitzeko aholku edo laguntza eske. Oraindik ez du bere enpresan esan nahi, gauzak dauden bezala ez baitu gogoz kontra egiten duen hori galdu nahi. Eskarmentu handiko emakumea da eta bere lana maite du, baina itota omen dago, gero eta burokratikoagoa eta itxiagoa zaion enpresaren egiteko modu berrietan bere burua ez baitu aurkitzen. Kanta zaharrak dioen, bezala, “lana baduela, baina gogorik ez”.

Nire inguruko jende askori pasatu zaio burutik azkenaldian lanpostuaz aldatzea. Batzuek egin egin dute, eta askok esan didate damutu egiten direla urratsa eman ez izanaz, beldur direlako beste bizibiderik topatzeko modua izango ote duten. Ziurgabetasuna horren handia den garai hauetan, jakina da: “hobe bat eskuan, ez bi auzoan”.

Batera edo bestera, oraindik urruti gaude Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari den “lan-ihesaldi edo exodo” orokorretik. 24 milioi pertsona inguruk utzi dute lanpostua 2021eko apiriletik irailera, MIT Sloan Management Review agerkariak argitaratu duen ikerketan irakurri dudanez. Egileek diote COVID-19aren pandemiaren hasieran hasi zela mugimendu masiboa, baina askoz lehenagotik zetozen joeretan jarri dute hatza, zauria orain ireki bada, aspalditxotik hasi baitzen zornatzen. Beren lanpostua edo enpresa uztea izan da milioika pertsonentzat irtenbidea, agian gure buruari galdetu beharko genioke zein den galdera, hau da zerk eragiten duen ondoez orokor hori.

Aipatutako ikerketan askotariko faktoreak aztertzen dira, eta bat azpimarratzeko modukoa iruditzen zati. Lana uzteko arrazoiei buruz galdetuta, bi aldiz pentsatu gabe, soldata eskasa jo ohi dugu arrazoi nagusitzat, baina ikerketa horrek dio erakunde edo enpresaren kultura toxikoa askoz garrantzitsuagoa izaten dela, jasotzen den ordainsaria baino 10,4 aldiz garrantzitsuagoa, gainera.

Baliteke ordainsari handiagoa bilatzea — lanarekin bat datozen soldatak ziurtatzea sine qua non baldintza da —, baina baita bizitza pertsonala, familiakoa edo soziala proiektu profesionalarekin bateragarri egiteko aukera ematen duten lan-baldintzak ere, malgutasuna lan egiteko moduan edo funtzio edo zeregin desberdinak garatzeko aukera. Arrazoiak pertsona bakoitzaren bizi-proiektuak bezain anitzak dira.

Pertsona askok ez dute karrera profesionalean gora egitea bilatzen, baizik eta konpainiaren barruan konpetentzia edo esperientzia profesional berriak garatzeko proiektuen eta aukeren aniztasuna. Mundu guztiak ez du enpresa zuzendu nahi, eta pertsona guztiek ez dute karrera profesionala modu berean ulertzen.

Pribilegiodunen gaitza da: lanpostua izan arren, eginkizunaz gogaiturik, nekaturik, desenkantaturik dago gero eta jende gehiago eta gainera, kosta egiten da aitortze bera, inguruko kalapitarekiko sentikortasunik eza iradokitzen baitu, nonbait. Antton Telleriak ederki dioen moduan (euskara traketsean, baina ederki): “nekatutak gaude”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK