Nekez ekainera

Ekainean sartu berri gara, eta uda iristearekin batera eguraldi ona, hondartza eta herriko festak datozkigu burura. Aldiz, ekainean azaleratzen dira urte osoan metatutako neke eta estresak, eta modu beretsuan erreparatu behar zaio horri ere. Epe egokietan asmo handiko helburuak eta errendimendu-eskaera etengabea betetzeko presio handiagoa egiten da, eta uda arteko epe hobeetan pilatzen dira bete gabeko helburuak betetzeko unea, erabaki estrategikoak eta azken hiruhilerakorako plana diseinatzeko unea. Zeintzuk dira osasun mentalari eragiten dioten faktoreak, aztertu eta ekainean ere kontutan izan beharrekoak?

Laneko estresa da osasun mentaleko arazoen kausa ohikoenetako bat. Zereginen gainkargak, lanaren gaineko kontrolik ezak eta itxaropen ez oso errealistek nekea eragin dezakete, burn out izenez ere ezaguna dena. Lanean horrelako egoerarik bizitzen ari al zara? Jakizu ekainean zehar horrelakoak gertatzea oso ohikoa izaten dela, eta neke emozional, fisiko eta mental horrek produktibitatea murriztu dezakeela. “Oporrak behar ditudala” esaten dugunean, ekaineko neke eta estresaz ari garenaren seinale nabarmena delakoan nago. Zer bestela?

Lan-karga bizitza pertsonalarekin orekatzeko zailtasuna ere arazo nagusienetakoa eta ikusezina den horietakoa da. Ez naiz arratsaldeko zortziak arte lan egiten duen guraso baten egoeraz soilik ari; gailu mugikorrei lotuta eta etengabe eskura dituzten pertsonez ere ari naiz. Etengabe emailean sartu eta sarrera ontzia etengabe eguneratzen dutenei buruz ere ari naiz. Sare sozialetan egunean hiru ordu baino gehiago pasatzen dituen eta lana egiten ari direla justifikatzen duten horiei buruz ere ari naiz. Eta hiperproduktibitatearen kulturan murgilduta dauden pertsonei —edo bestela esanda, beti zerbait egin behar duten pertsonei— buruz ere ari naiz. Egoera horiek guztiek zaildu egiten dute lanetik deskonektatzea. Beraz, ez zaitez ekainean deskuida.

Enpresa asko ongizate-programak inplementatzen ari dira: osasun mentaleko baliabideak, terapiak, aholkularitza psikologikoa, yoga, meditazioa edota ariketa fisikoak. Baina zenbateraino dira soluzio ala petatxu? Ongizate-programa inplementatzen duen enpresa batek gehiegizko lan-karga edo -presioa egiten ari dela onartzen duenaren seinale al da?

Ekaineko nekea den hori sentitzen baduzu, autoebaluaketa bat egiteko unea iritsi zaigu. Zerk arduratzen gaitu? Zer nolako emaitza dut lanean? Produktibitatea galduarazten didan kezkarik al dut? Gogoz joaten al naiz egunero lanera? Ez dago ongizate programarik galdera horien erantzun eta sendagai denik. Bueno, udako malgutasunari esker (telelana eta ordutegi malguak, adibidez), langileek hobeto uztartu ditzakete beren erantzukizun profesional eta pertsonalak, ekaineko estresa murriztu eta laneko gogobetetasun orokorra hobetzeraino.

Ez dakit zerbaiterako balio izan dizun lehenago aipaturikoak, baina baliteke testu honek autoerreparaziotik ere zerbait izatea, ni neu ere nekatuta ailegatu bainaiz ekainera. Esku artean dudana eta eduki nahi dudanaren arteko alderaketa egin beharra dut eta arduratzen nauen horretan hobeto zentratu. Nire nekearen kausa ezetz esaten ez jakitearen bueltan egon daitekeelakoan nago, eta ekaina iristerako plof egiten dudala. Nekez iritsi gara ekainera.

Informazio gehiago
Osasun mentala eta ongizatea
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK