Nik ere ikusi dut 'Irati'

Irati filmeko zuzendari Paul Urkijok filmearen barrunbeetako batzuk azaldu zizkigun bere lana gure herriko aretoan estreinatu zen egunean. Kontatu zigun nola errodatu zituen Orreagako batailaren irudi ikusgarriak. Pelikula ikusi baduzue, gogoan izango duzue nola agertzen den baskoien eta frankoen arteko borroka, basoan, zaldiak eta gizonak buruz buru, lantzaz, geziz eta kolpeka borrokan, odol eta heriotz festa ilunean. Ikuslea pantailari begira dagoen bitartean, ezpaten hotsez eta gudarien oihuak baino ez ditu buruan. Eta bukaeran galdetzen dio bere buruari nola demontre errodatu duten horrelako eszena bat.

Urkijok azaldu zuen Ridley Scotten baliabide eta aurrekontuaren faltan, kamera lurrean jarri zutela, lokatzetan. Eta aurrean talde txiki bat borrokan, ezpatak ezkutuak zituztela. Koreografia bat aurretik ondo prestatua. Kamerak lokatzaren eta odolaren zipriztin guztiak jasotzen zituen, borrokaren gordina irudikatuz. Talde koreografiaren ostean, beste talde bat, borrokan ere, kolpeka, oihuka, odol eta lokatz gehiago. Eta horrela sei bat talde grabatu zituen arte. Tartean zaldiak, batailari ikusgarritasun handia ematen diotenak.

Hori izan omen zen sekretua: borrokan ziharduten talde txikiak, koreografia ondo prestatuak, tarteka zaldiren bat, kamera lurrean, lokatza eta odolaren zipriztina, eta ondoren, efektu bereziren bat inguruan jende gehiago ikus zedin. Emaitza ona da, ez da Gladiatorren handitasuna, zinemaren magiak funtzionatu egiten du, ikuslea batailan sartu egiten da, borrokak sinesgarritasuna eta ikuskizuna du. Ondorioa da aurrekontu ez oso handia gehi talentua berdin eszena onak, eta eszenaz eszena, film ikusgarri bat.

Ekitaldi berean adierazi zuen Urkijok filma egitearen lanik zailena ez zela izan lokatzetan jarritako kamera horrekin errodatutako borroka, ezta Pozalaguako leize-zuloan grabatutako eszenak, non ehun lagunetik gorako zine-ekipoak egun osoak pasa behar izan zituen haitzulo barruan, komunaren ordez bakoitzak botila bat erabiliz hondakinik ez lagatzeko. Lanik nekezena, zuzendariaren hitzetan, filma egiteko beharrezkoak izan ziren 4,3 milioi euroak batzea izan omen zen. Erakunde publikoen dirulaguntza jasotakoa da filma, tartean Eusko Jaurlaritza, Arabako Diputazioa eta Udala, eta Espainiako Kultura Ministerioa. Puntua aldizkarian egindako elkarrizketan, zuzendariak dio dirulaguntza horien inguruan zein beharrezkoak diren kultur ekoizpenak aurrera ateratzeko, eta nolako itzulera daukaten laguntza horiek gizartean eta ehun ekonomikoan. Zinemari edo kulturari emandako diruek ere sortzen dutelako aberastasuna eta ehun produktiboa gizartean.

Gertatzen da badirudiela kulturaren inguruan beti ibili behar dela justifikazioa egiten. Industria, zerbitzua, kirola urtero dirulaguntza ikaragarriak jasotzen dituzten sektoreak dira, baina kultura da ia beti jaso izana zuritzen jendaurrean zuritzen ibili behar duena. Diru publikoak balio behar du berrikuntzan ikertzeko, auto elektrikoak bultzatzeko, teknologia bultzatzeko, futbol federazioak bultzatzeko, eta  diruz lagundutkao beste mila jardueratarako. Baina kultur sorkuntzarako ere iritsi behar da, lotsa barik, horrenbeste lan barik, pentsatzeke bakarrik kultur jarduerak direla dirulaguntzak jasotzen dituztenak. Kultur industria bat sor dadin eta Irati modukoez disfrutatu dezagun, lokatzetik bada ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK