“Nik esaten dudalako”

Denbora asko igaro da, baina argi samar gogoratzen dut izenburuan adierazi dudan erantzunak sorrarazten zidan gogaitasun-sentsazio hori. "Erantzuna" idatzi dut, bai, baina ez da hitzik egokiena. Izan ere, "nik esaten dudalako" antierantzun perfektua da, aurrera egiten jarraitzeko aukera oro errotik moztu egiten duelako, bidea itxiz. Ez du bakarrik elkarrizketa bat eteten: jakin-mina bera ito egiten du eta ondorioz, baita ezagutza bera ere.

Horrela erantzuteko gai denak uste du bere posizioa baliatu dezakeela harrokeria hori ontzat eman dezagun, eta ahalegin kontziente bat egiten ez badugu behintzat, galderak, ikerketa edo pauso bat harago joateko gogo hori erabat gelditzea lortuko du. Boterearen ezaugarririk argienetakoa da horrelaxe hitz egitea, hantustea delako beste guztiok harekiko otzan eta esaneko garela uste duenean.

Eskolan irakasleak modu horretan hitz egiten zigun askotan, deseroso zitzaizkion galderak gehiegi zirela erabakitzen zuenean. Etxean amak halaxe erantzuten zigun sesioa etetea erabakitzen zuenean. Historian zehar, jainkoek eta azken hitza egiteko pribilegioa izan dutenek horrelaxe hitz egin izan digute. Orain teknologiak hartu du haien lekua.

Teknika algoritmikoei esker datu kopuru handiak kudeatu ditzakegu gaur egun eta gaitasun horri esker ezinbesteko bilakatu zaizkigu. Beren nagusitasuna, baina, ez dator ahalmen ikaragarri horretatik, edo ez hortik soilik: jakintza ukaezin eta objektiboaren logikagatik edaten du, balizko objektibotasunak ematen dion iturri agortezinetik. Gauzak diren bezalakoak direla esaten omen dute algoritmoek.

Algoritmoak, baina, politikoak dira, giza-eraikuntza guztiak politikoak (hau da, partzialak eta subjektiboak) diren bezainbeste.

Hipoteka bat eman ala ez eman erabakitzen dute sistema algoritmikoek; hautagai bat edo beste bat kontratatzeko prozesuak algoritmoetan oinarritzen dira gero eta gehiago. Kasu guztietan, horrela lortutako emaitza gizaki batek erdietsi lezakeen erabakia baino hobea dela sinistu dugu, objektiboagoa edo “neutroagoa” delakoan.

Zeharo oker gaude. Beste edozein jarduera edo ezagutza-arlotan egiten dugun modu berean gertatzen da sistema algoritmikoetan ere: aurreiritziak ditu, errealitatearen kontzepzio propioetan oinarritzen da eta horien bidez hartzen ditu erantzun bat edo beste bat lehenesteko erabakiak, itxura objektiboz bada ere.

Askotan, ziurtzat jotzen dugu teknologiak erantzun zehatzak eta fidagarriak ematen dizkigula, haien jatorria edo egiazkotasuna zalantzan jarri gabe. Hala ere, konfiantza itsu horrek funtsezko xehetasunak alde batera uztera eta informazio okerra betikotzera eraman gaitzake.

Teknologiak eskaintzen dizkigun erantzunak zalantzan jarri gabe onartzearen paradoxa erantzun automatikoen eta algoritmoen objektibotasunean dugun konfiantzan datza. Algoritmoak isuri kognitiboak dituzte, gure amak, irakasleek edo fedearen jagoleek dituztenen parekoak.

Neutraltasunik ez dago, ordea, erabaki bat hartzen denean, ezagutzaren alborapenak ebitaezinak baitira. Objetibotasunik ez dago, eta subjektibotasun zintzoa da, gehienez ere, bila genezakeena.

Txikitan erantzun iheskor eta azalekoen aurrean amorratu egiten bazinen, ez amore eman honela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK