Nire abantaila bidegabea

Zein da zure abantaila bidegabea? Galdera hori egin zuen aurreko batean erreferente den pertsona batek elkarrizketa batean, eta ia bi orduko solasaldia egin zuten abantaila bidegabeen bueltan jardunean. Asko aritzen gara besteek dutenaz edo emanda etortzen zaienaz berbaka, baina zenbatetan egiten dugu guk izan ditugun abantailen aitortza? Zenbateraino izan da gure lana eta zenbaiteraino zortea gure ibilbide profesionala?

“Inork ez du merezi duen genetika edo jaio den familia, eta hortaz, solidarioak izatera behartuta gaude ezinbestean.”

Egunak eta urteak hain azkar pasatzen diren honetan, norberaren denbora mugatua eta sakratua da. Badirudi ez dugula atzera begiratzeko aukerarik, eta ez garela orain arte lortutakoa lortzeko egin eta eman zaigun bideaz ohartzen.

Bistan da denok ez dugula abiapuntu profesional berdina, eta hasierako baldintzak oso ezberdinak direla egunekoarekin bizi den familia batean jaio bazara edo ezer falta ez zaion etxe batekoa bazara. Inork ez du merezi ez bere genetika, ez bizi den familia eta ezta ikasketa batzuk edo besteak egiteko aukera izatea. Horrexegatik da garrantzitsua introspekzio ariketa hau egitea, eta norberak bere abantaila bidegabeak zerrendatzea, gure karrera profesionalaren eta egoera ekonomikoaren jatorriaren ariketa kontzientea egitea. 

Norberak buruan sortu duen sistema meritokratikoa noizbehinka desmuntatu edo aletzea komeni da, gure buruari gezurrak esateko beharra alde batera utzi eta eman zaigunaz ohartzea. Nahi izan ditugun ikasketak egin ditugunean, kanpoan ikasteko aukera eman zaigunean, ekintzaile izateko aukera izan dugunean, pertsona bat ezagutu eta ate bikain bat ireki digunean, bidaiatzeko eta kultura berriak ezagutzeko aukera izan dugunean, herentzian zerbait jasotzen dugunean… abantaila bidegabeez eraiki ditugu gure bizitzak, normalizatzeraino.

Badira itsu-itsuan gainerakoen sorbaldaren gainetik begiratzen duten pertsonak: zoria, abantaila eta merituen mugak ezagutzeko astirik hartu ez dutenak. Bestalde, badira bere abantaila eta izan duten zortea kontutan hartu eta gizartearen ongia oso serio hartzen duten pertsonak ere. Lehenengo kasuaren eta bigarrenaren artean hausnarketa eta aitortza besterik ez dago.

Zortea dugunean aprobetxatu behar dugu, abantailarik badugu probestu eta aukera berriak besarkatu. Bizitzak gutxien espero dugun momentuan zirt edo zart hartzeko erabakiak aurkezten dizkigu (pertsona bat ezagututa, lan elkarrizketa batean, zozketa bateko boletoa erostean…) eta horien arabera zizelkatzen dira gure bizitzak. Zorionez edo zoritxarrez, gure bizitzek uste baino gutxiago dute meritokratikotik, eta horretaz jabetzen garenean aldatuko zaigu bizitzarekiko ikuspegia.

Nire abantaila bidegabea edonork egin ezin dezakeen gradu bat ikasteko aukera izan da. Zein da zure abantaila bidegabea?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK