Nire konponbiderako arazo bila nabil

Berrikuntza ideien sorrerarekin lotu ohi dugu. Ideiei hainbesteko garrantzia eman diegu, ezen ahalik eta gehien lortzera bideratutako tresna eta metodologia ugari baitaude: brainstorming (ideia-jasa), brainwriting (paperean eta elkarlanean), pentsamendu dibergentea, mapa mentalak eta izen iradokitzaileak dituzten makina bat erreminta. Aitzitik, berrikuntzaren munduan zenbat eta gehiago lan egin, orduan eta gehiago berresten dut ideiak gehiegi balortzen direla. Alferrik da ideiak izatea, ideia horiek arazo bat konpontzera edo desira bat asetzera bideratuta ez badaude (izan esplizitua, izan inplizitua).

Arrakasta gehien izan duten ideiak (batzuetan start-up edo negozio-eredu bihurtu direnak) bi modutara sortzen dira: frustrazio edo arazo bat konpontzen dute, edo behar bati irtenbide eraginkor bat eskaintzen diote.

Ikus dezagun horietako bakoitzaren adibide bat.

Frustrazio bat konpontzea: Uber

Uber kalean taxi bat itxarotearen frustraziotik sortzen da, itxaronaldiak zenbat iraungo duen eta zenbat kostatuko zaigun ez jakitetik.

"Zenbat eta lan gehiago egin berrikuntzaren munduan, orduan eta gehiago berresten dut ideiak gehiegi baloratuta daudela"

Frustrazio hori konpondu ondoren, gainera, aukera aprobetxatzen du beste alderdi "desiragarri" batzuk ere hobetzeko, hala nola, bere autoan eramango zaituen pertsona nor den jakin ahal izatea edo ibilbide-esperientzia hobetzea ezarritako kalitate- eta garbitasun-estandarrak dituzten ibilgailuen bitartez. Gainera, gidariaren adeitasuna ziurtzat jo daiteke; izan ere, gero baloratu egingo da, eta balorazio horrek eragin argia du izango bere negozio-emaitzetan: ondoen baloratzen diren gidariak saritzen ditu algoritmoak, eta, ondorioz, bezeroek eskuz egingo dituzten aukeraketek ere.

Zehaztu gabeko desioa asetzea: iPhone

Agertu aurretik, ez zegoen aldi berean ordenagailua, nabigatzailea, argazki-kamera, musika-erreproduzigailua eta abar zen telefono baten ageriko eskaerarik. Aitzitik, argi dago merkaturatu zen lehen urtean gertatutakoak agerian uzten du eskari ezkutua bazegoela: milioi bat terminal baino gehiago saldu ziren, 499 eta 599 euro arteko prezioan.

Itzul gaitezen problemara

Gaurko hausnarketan arazo bat konpontzen duten ideietan jarri nahi nuke arreta. Arazo bat ulertzeko, lehenik dimentsionatu egin behar dugu. Geure buruari galdetu: zein puntura arte da handia arazoa? Eta mingarria? Ohikoa al da?

Sarri gertatzen den arazo handi eta mingarri aurrean bagaude... bingo! Aukera handi baten aurrean gaude. Baina, kontuz, arazoa duenaren oinetakoetan jarri behar dugu beti, eta bere ikuspuntutik aztertu, ez gure ikuspegitik.

Prozesuaren barruan, oso garrantzitsua da arazo hori ulertzeko ahalegin handiena egitea. Hori Design Thinking metodologiara eramaten badugu, gaur egun berrikuntza-prozesuetan hainbeste erabiltzen den horretara, enpatizatu eta definitu faseez ari gara. Arestian aipatutako guzti-guztia landutakoan ekin behar diogu konponbidea pentsatu eta lantzeari.

Berrikuntza-talde asko eta start-up asko ikusi ditu porrot egiten kontzeptu horiek argi ez edukitzeagatik. Egia da batzuetan gure berrikuntza-prozesua ideia baten bidez has dezakegula (edo ikusi dugun zerbaiten bidez, konektatu ditugun bi punturen bidez, eta abar), baina orduan oso garrantzitsua da ideia horrek norbaiten arazo, behar edo desira bat konpontzen duela ziurtatzea. Bestela, oso ideia ona izango da, baina ez du inolako emaitzarik izango.

"Ez zaitez, inoiz ere ez, ideia batez maitemindu"

Eta aholku bat: ez zaitez, inoiz ere ez, ideia batez maitemindu. Inork nahi ez duen ideia batean lan egitea eta gainera beranduegi konturatzea baino gauza frustragarriagorik ez dago.

Einsteinek esaten zuen: arazo bat konpontzeko ordubete izango banu, 55 minutu emango nituzke arazoa aztertzen eta ulertzen, eta bost minutu bakarrik konponbidea bilatzen.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK