Nola aldatzen diren gauzak

Askotan gertatzen den bezala, norberaren ibilbide profesionalean legeak eta hauek interpretatzeko moduan aldaketa sakonak ikusi ahal izaten dira. Aldi baterako ezintasunean dagoen langilearen kaleratzeari buruz, laburpen txiki bat eginez, izenpetzen duenaren adina salatzen badu ere, iritzi-emaile honek oraindik gogoratzen du, 1994 urteko Lan Erreformara arte, kaleratzeak deuseztasun automatikoa zekarrela eta ondorioz, langilea nahitaez lanera itzultzea eta kaleratzearen datatik ebazpen judiziala arte jaso ez zituen soldatak ordaintzea.

Erreforma horren ostean, auzitegien ustetan, aldi baterako ezintasunagatiko bajan zegoen langile bat kaleratzeak eta azkentzea eragin zuen arrazoia, hain zuzen ere, aldi baterako ezintasun hori izatea (nahiz eta ondorio hori zantzuen bidez lortu, kaleratzea eragin zuen benetako beste arrazoirik ez zegoelako), ezin zuen automatikoki suposatu langilea diskriminatzen ari zenik. Horren ondorioz, kaleratzea ezin zen deuseztzat jo, ez baitzegoen oinarrizko eskubideen urraketarik, baizik eta, oro har, bidegabea zen egoera horretan zegoen langile bat kaleratzea. Jakina denez, kasu horretan enpresak aukeratzen zuen langilea berriro lanean hartu edo kalte ordaina ordaindu, kasu gehienetan azken hau izaten zelarik aukera.

Interpretazio horrek aldaketa nabarmena jaso zuen 2016. urtearen ostean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Daouidiren kasuan emandako doktrinari jarraituz. Honen arabera, aldi baterako ezintasuna iraupen luzekoa denean eta gaixotasunak bizitza profesionala gainerako enplegatuen baldintza berberetan eragozten duen muga larria dakarrenean, balegoke gaixotasuna “desgaitasunaren” kontzeptuarekin parekatzeko aukera, eta, kasu horretan, kaleratzea diskriminatzailea izango litzateke eta ondorioz, deuseza . Bestela esanda, enpresak berriro hartu beharko luke langilea, jaso gabeko soldatak ordainduz eta kalte moralak ordainduz ere.

2022ko Uztailaren 14an sartu zen indarrean 15/2022 Legea, uztailaren 12koa, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako integrala. Zeroko Legea, lagunarteko hizkeran. Lege horrek aldaketa dakar berriro. Hain zuzen ere, diskriminazio-kasu gisa sartu da “gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa eta/edo patologia eta nahasmenduak pairatzeko joera genetikoa”.

Horren ondorioz, dagoeneko epaitegiak hasi dira kaleratze hauek deuseztat ematen, jokoaren arauak aldatu egin direla azpimarratuz, arau berriak ez baitu aipatzen zenbat luzatu behar den gaixotasun bat eta beraz, baja baten ondorioz egiten den edozein kaleratze diskriminatzailetzat hartu behar dela.

Egia da oraindik ez dagoela Justizia Auzitegi Nagusien ezta Auzitegi Gorenaren erabakirik afera honi buruz, baina enpresek zuhur jokatu behar izango dute langile horiei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan, eta jakin behar dute arauaren zentzua gaixotasun bat duten eta arrazoi horrengatik baja medikoa eman dieten langileei babes handiagoa ematera bideratuta dagoela, ez bakarrik kaleratze deuseza deklaratuz, baita diskriminazio-kasu baten biktima izateagatik eragindako balizko kaltea  —kalte moralak— ordainduz ere.

Esandakoa, nola aldatzen diren gauzak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK