Nola berritu txikia banaiz?

Berrikuntza funtsezko faktorea da enpresek gaur egungo munduan arrakasta eta biziraupena bermatzeko. Bai enpresa txikiek, bai handiek estrategia eraginkorrak sortu behar dituzte produktu edo zerbitzu lan-taldeetan berrikuntza bideratzeko. Baina, nola berritu? Zer da berrikuntza deitzen diogun hitz ponpoxo hori? Askotan esan izan ohi da enpresa txikietan berrikuntza ematea errazagoa izaten dela zurruntasun eza eta erabaki azkarrak hartzeko aukerarengatik. Zutabe honetan, aldiz, tamaina askotako enpresek berrikuntza sustatzeko dituzten moduak aztertuko ditugu, baita zer erabaki hartu eta zer baliabide erabili daitezkeen berrikuntza bideratzeko ere.

Berrikuntza da etengabe aldatzen ari den merkatu batean enpresen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzen dituen motorra: joera edo tendentzia berrietara egokitzeko aukera eskaintzen du eta bezeroen behar aldakorrak antzeman eta asetzeko gaitasuna. Berrikuntzaz ari garenean luxua edota garestia bezalako kontzeptuekin harremandu izan ohi da, guztien eskura ez balego bezala; baina berrikuntza ez da inongo luxua, enpresa bat bideragarri eta bizirik manten dadin beharrezko praktika da, beharra.

Enpresa txiki zein handietan eman daiteke berrikuntza, baina bakoitzean baliabide eta aukera ezberdinak baliatu behar dira berrikuntza bideratzeko. Enpresa txikiengana joko dut —nire lekutik hitz egiten baitut beti— gaurkoan, askotan, bizkortasunaren eta malgutasunaren abantaila izaten baitute, baina ez da nahikoa berrikuntza emateko. Enpresa txiki asko daude 1980ko hamarkadan ainguratuta, inongo aldaketarik eman gabe. Halako enpresetan berrikuntza eraginkortasunez bideratzeko, neurri batzuk hartzea behar-beharrezkoa da. Hona hemen batzuk.

Lehenik eta behin, lan-taldean berrikuntzaren kultura sustatzea: funtsezkoa da sormena eta pentsamendu kritikoa —zentzu eraikitzailean— bilduko dituen kultura eta lan-taldea sustatzea. Liderrek esperimentaziorako espazio fisiko-tenporala sortu behar dute astean zehar, ideia berriak saritu eta porrota ikasketa-prozesuaren parte gisa onartu.

Horrekin batera, eta kulturaren eraikuntzaz ari garela, antolatze-egiturari erreparatu beharko genioke. Burokraziak murriztu eta komunikazio irekia sustatu behar da. Horri esker, ideiak askatasunez atera eta erabakiak azkar ezartzen dira. Esaterako, ez du inongo zentzurik 10 edo 15 pertsonako lan-talde batek erdibideko manager edo bitartekariak izan, eta koordinatzaile edo zuzendariari ez erreportatzea egindako lana. Managementa beharrezkoa da, baina kontuz hierarkizatzearekin. Gero eta horizontalago egin, orduan eta komunikazio zuzenago eta berrikuntzarako aukera gehiago emango dira.

Etxe barruko antolakuntza erreparatzeaz gain, enpresa txikiek start-up, unibertsitate eta kanpoko beste erakunde batzuekiko lankidetza aprobetxatu behar dituzte ideia eta teknologia berriak eraikitzeko. Elkarlanerako jarrera behar-beharrezkoa da, intuizioa erabili eta gure ekintzarekin osagarriak izan daitezken zerbitzu, teknologia edota ezagutzak uztartzea. Gainera, baliabideak mugatuak direnez, ezinbestekoa izango da beste entitateek garatzen dutena probestea gure produktu edo zerbitzua osatu, eta negozioarentzat eta bezeroentzat garrantzitsuak diren funtsezko berrikuntza-arloetan argitasuna izatea.

Enpresaren tamaina edozein dela ere, berrikuntzarekin lotutako erabakiek estrategikoak izan behar dute, eta bat etorri behar dute helburu komertzialekin. Gainera, behar bezala esleitu behar dira finantza- eta giza-baliabideak, berrikuntza-ekimenak babesteko.

Laburbilduz, antolamendu-egitura, kultura, erabaki estrategikoak eta esleitutako baliabideak funtsezkoak dira berrikuntza eraginkortasunez bideratzeko enpresa txikietan; eta hori eginez gero, hobeto kokatuta egongo dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta bidean sortzen diren aukerak —negozio zein garapen aukerak— diru-iturri berri bilakatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK