Egun, antza, titulurik gabe ez gara inor. Are gehiago, ez baduzu “Zuzenbidean gradua”, “Masterra adimen artifizialean”, “Doktoretza Erdi Aroko filosofian”, edo nolabaiteko prestigioa eman dezakeen beste edozein ziurtagiri, gainontzekoak bigarren, hirugarren, edo laugarren planoan geratuko dira zuzen-zuzenean. Egia esanda, ez zait buruan sartzen, esate baterako, Doktoretza duen norbaitek zergatik begiratu behar dion sorbalda gainetik oinarrizko ikasketak dituen norbaiti; tituluak jakintsu egin behar gaitu, ez handiuste.
Guraso askok ahoa bete-bete eginda esaten dute, “nire alaba medikuntzan graduatu da”, “nirea ingeniaritzan”; zoritxarrez, zenbaitetan seme-alabek gorrotatzen amaitu duten gradua, edota inolako aterabiderik aurkitu ezin diotena. Kasurik onenean, lana bilatu, baina, hau nola egiten da? Galdera absurdoa bezain erreala.
Ikasten urteak eta urteak igaro, ehunka teoria-liburu irentsi, buruan sartu eta azterketako egunean botaka egin erantzun-orrian. Praktikotasun falta salatzen dute ikasle frankok, beste hainbatek lan mundua oso urrun sumatzen dutela, zerbait bide onetik ez doanaren seinale. Nolabait ere, kontraesanak sortzen dira unibertsitate-sistema eta lan munduaren artean; izan ere, batak gehienbat jakintza teorikoak eskaintzen dituen bitartean, besteak praktikotasuna behar du, hau da, lana egiten jakitea. Unibertsitateko atea gurutzatzeari utzi, eta lan merkatuan sartzeko unea heltzean mundua gainera erori ohi da, orain arteko guztia birplanteatzeko garaia, hain zuzen ere.
RRHH Digital aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, 10 ikasletik 6 ez dira inondik inora ere prest sentitzen lan munduan sartzeko; are gehiago, 10etik 9k uste du formakuntza gehigarria ezinbestekoa dela enpresen beharretara egokitzeko. Inkestatuen %70 inguruk pentsatzen du formakuntza-praktikak ezinbestekoak izan beharko liratekeela, eta unibertsitateak ez duela behar besteko eskaintzarik egiten.
Azken boladan, edonon entzun dezakegu enpresek langile kualifikatuen beharra dutela,eta gainera, behar hori handitzen doala. Horrenbestez, graduatu berrientzat pagotxa izan zitekeen, baina eskaera horrek baditu bere ñabardurak. Buruzagiek esperientziadun langileak nahi dituzte, esleitutako lanpostuan autonomoak izango direnak, horrela, ez baitute prestakuntza behar handirik izango.
Enpresariek ez dute konfiantzarik graduatu berriengan, lanerako prest ez daudela baiteritzote. Eskolak eskaini beharko liekeen formakuntza emateaz arduratu beharko lirateke, eta irakasteaz arduratzen direnek, ondoren, nahigabe latzak pasa behar izaten dituzte beste nonbaitera joan direlako. Laburbilduz, ahal bada graduatu berririk ez kontratatu.
Argi geratu da hezkuntza-sistemak arrakalak badituela, eta nolabait ere, enpresen beharretara egokitzeko zailtasunak dituztela. Nola egiten da? Galdera oraindik luzerako doala iruditzen zait. Ezbairik gabe, bidea ikasleek, administrazio publikoak eta enpresa pribatuek marraztu beharrekoa da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta