Nola erasotu herrialde bat tiro bakar bat egin gabe

Gogoan dut ikasle nintzenean burtsaren eta finantza merkatuen inguruko ikastaro batera joan nintzela. Ikasleon konplizitatea lortzeko, hizlariak halaxe esan zigun: “Jakin nahi duzue nola erasotu herrialde bat, herrialdea erasotu gabe? Tanke bakar bat kalera atera gabe?”

Halako galdera potoloaren aurrean denon jakinmina bereganatu zuen. “Horretarako milioi batzuk beharko dituzue.” Jakina. Eta guk, edo nik behintzat, ez generaman solterik poltsikoetan. Hortaz, milioitxo batzuk soberan izanez gero, txantxa giroan lasaitasun osoz esan daiteke herrialde bati eraso egin ahal diozula.

Hurrengo saio batean berriz etorri zitzaigun komentario zorrotz horietako batekin: “Beraz noiz inbertituko dugu herrialde batean? Noiz kontsideratuko dugu herrialdea egokia dela bere zorra erosteko edo bertako merkatuan inbertitzeko?”

Pentsatzen dut, edo pentsatu nahi dut, nire ikaskideen buruak nirea bezala adierazle makroekonomikoetara eta antzerako parametroetara joango zirela. Baina ez. “Herrialde horretako gobernuak kalera tankeak ateratzen dituenean” esan zigun. Nolabait horrek esan nahi zuelako herrialde hori prest egongo zela neurri gogorrak hartzeko. Herrialde baten zorra erosten denean, neurri gogorrak eskatzeko baita; bere biztanleak kaleetara ateratzeraino estutu eta zukutzeko. Eta horretarako inbertsiogileen interesak bere biztanleen interesen gainetik jartzeko prest dauden gobernuak behar dira; haien biztanleen kontra biolentziaren monopolioa ere erabiltzeko prest dauden gobernuak, behar bada.

Batzuentzako esajeratzen ariko naiz, broma bat testuingurutik ateratzen. Besteentzako ez dut ezer berririk esan, horixe ikusten dutelako poliziak langileen mobilizazioetan porra dantzatzen duen bakoitzean.

Arestian aipatutakoa entzun nuen garaian Greziako zorraren krisia, beltzez jantzitako gizonak eta arrisku prima udako abestien estribilloak baino sonatuagoak ziren gure artean. Hor ikasi genuen Nazioarteko Diru Funtsa eta aurpegirik gabeko “merkatuak” pertsonek haien bizitzaren inguruan demokratikoki erabakiak hartzeko ahalmenaren gainetik zeudela. Eta horrek ere ematen du txantxatarako (baina ez tanketarako edo aberasteko). Lehengoan entzun nuen “gobernu batek NDFren aurrean baino errazago amore ematearen” erreferentzia. Baina ez da erraza, aizue. Zorra hain da kontrolerako mekanismo sofistikatua eta aldi berean nabarmena. Hain da edozein herriren hegoak mozteko aizto fina.

Hainbeste akordatzen naiz egun hauetan ikastaro hartan entzundakoez. Hain argi eta ozen entzuten ditut, ezen Gazako genozidioaren oihuen gainetik ere entzun baititzaket berriro, gizon hura aurrean banu bezala.

Zorrak balio dezake ezer ez aldatzeko edo mendiak mugitzeko. Kasu honetan, zurrumurruen arabera, Rafahko pasabidea irekitzeko ere balio dezakeela esaten ari dira nazioarteko analista batzuk. Akaso laguntza humanitarioa pasatzeko, beharbada pizgarri ekonomiko egokiekin Egiptok Sinai inguruan Gazako errefuxiatuak hartzeko. Esaterako, bere kanpo zorraren zati bat barkatzearen truke, eta bide batez, Gaza palestinarrez hustu. Zurrumurruak, aukera posibleak denak momentuz.

Akaso hemendik urte batzuetara beste hizlariren batek bere entzulegoaren arretari eusteko halako esaldiren bat bota lezake: “nola izan garbiketa etniko baten parte, tiro bakar bat egin gabe”. Horretan ere lezioak emateko moduan izango dugu jendea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK