Nola neurtu enpresaren karbono-aztarna

Joan den astean, albisteak irakurtzen ari nintzela, enpresa batek milioi bat euroko finantzaketa lortu zuela irakurri nuen “enpresetan jasangarritasuna berrasmatzeko”. Eta halako zerbait gehitzen zuen: “ingurumen-adimeneko tresna enpresen karbono-aztarna neurtu eta murrizteko gai den start-upak milioi bat euroko inbertsio-erronda arrakastaz itxi du”. Tartean inbertsore estatubatuar bat, Espainiako banku bat eta inbertsore-funts bik hartu dute parte inbertsio-errondan. Ez dut enpresaren izena esan asmorik; hauek eskaintzen duten soluzioa zatikatu eta eskukada bat erreflexio egin besterik ez.

Hiztegian jartzen duenez, karbono-aztarnak neurtzen du gizakiak zuzenean edo zeharka (bakarka, eguneroko jardunean edo enpresetan) sortzen dituen berotegi-efektuko gasen kopurua. Atmosferan metatzen diren gas horiek berotegi-efektuari lotuta daude eta, beraz, klima-aldaketaren bultzatzaile nagusiak dira. Bestela esanda, karbono-aztarna giza jarduerek ingurumenean denbora-tarte jakin batean (normalean urtebete) duten eraginari dagokio, eta sortutako CO2 baliokidearen tonatan adierazten da. Enpresek klima-aldaketan duten inpaktua neurtzea gako harturik, zerbitzu eta produktua asko loratzen ari dira azkenaldian merkatuan. Karbono-aztarna ezagutzea eta aztertzea funtsezkoa dela argudiatzen dute gehienek, klima-aldaketaren aurkako borrokan jarduteko. Baina zenbateraino?

Hasieran aipaturiko enpresak zerbitzu bat eskaintzen du, softwarearen laguntzaz, bezeroarekin bi karbono-aztarna mota kalkulatzeko: enpresak berak emititzen dituen zuzeneko emisioak eta hirugarrenek emititzen dituztenak (bezeroek, hornitzaileek…). Aldagai horiek kontuan izanda, softwareak enpresa batek hilabete edo urte batean sortutako CO2 kopuruaren emaitza ematen du. Hala, tresna horren bidez, produktuen balio-katea ezagutu daiteke, eta kontsumitzaileek errazago jakin dezakete zer bide egin duen produktuak produktuetara iritsi aurretik. Horretarako, sistemak zuzenean hornitzaileekin parteka dezakeen pantaila bat du, non hornitzaileei eskatzen dien materialei eta ekoizpen-prozesuei buruzko datuak betetzeko, informazioa fidagarriagoa eta zehatzagoa izan dezan enpresak.

Hortik lortutako datuak abiapuntu, ekodiseinuan oinarritutako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Esaterako, karbono-aztarnaren azterketa egin ondoren, ingurumen-inpaktu handiena duten prozesuak adierazten ditu eta enpresaren metriken arabera murrizketa-helburuak ezartzea proposatzen du. Bestalde, enpresak produktu berriak diseinatzerako orduan edota jasangarritasuneranzko bilakaera plana egitean, ontzi, material, prozesu edo ziurtagiriei dagokienez dauden produktuetan aukera alternatiboak eskaintzen ditu.

Gauzak hala, gogorarazi behar dut enpresa mundua izan dela betidanik berotegi-efektuan gehien nabarmendu dena, eta horregatik, asko dira ekologiaren ikuspegitik jasangarritasuneranzko bidea hartu dutenak. Enpresa batekin edo bestearekin lanean aritzeko irizpide ekologikoak erabakigarriak izan daitezke, eta horretarako produktuaren lehengaien informazioa, fabrikazio prozesua, garraiobidea eta bestelako hamaika datu eskatuko dizkiote elkarri, karbono-aztarna garbia edukitze aldera.

Greenwashing edo zuriketa berdea —erakunde batek bere jarduera ingurumena errespetatuz burutzen duela zabaltzeko egiten dituen gezur eta iruzurrezko ahaleginen multzoa—  praktikan jartzen duten enpresa asko dago oraindik. Aldiz, aipaturiko soluzio teknologikoek egiazko eragina izan dezaketela frogatzen badute, benetako aldaketak ekarriko ditu datozen urteetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK