Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Non da azpiegitura publikoa?

2025eko azaroaren 10a
xabi murua 2022

Meta, Google eta Microsoft milioiak inbertitzen ari dira adimen artifizialaren azpiegituran. Ez milaka, ezta milioi gutxi batzuk ere: mila milioika dolar. Lehenengoak 70.000 milioi dolar, bigarrenak 90.000 milioi, eta Microsoften azken mugimendua Erresuma Batuan 30.000 milioi dolarrekoa izan da, hodei-azpiegitura eta GPU superordenagailuak eraikitzeko. Dirua non, boterea han. Eta boterea, gaur eta hurrengo hamarkadan, datuetan eta adimen artifizialean dago.

 

Bien bitartean, Europan zer? Bada, Bruselatik araudia dator, gidalerro etikoak, baimen-sistemak eta gardentasun-betekizunak. Ez dago zalantzarik: norbaitek neurriak jarri behar ditu, baina araudia ez da estrategia, ez da etorkizuna, eta ez da nahikoa ere. Multinazional erraldoiak aurrera doaz, AA garatzen jarraitzeko behar diren azpiegiturak —energia, datu-zentroak, hardware gaitasunak— eraiki eta beren mende jartzen; eta Europak, berriz, eztabaida asko baina estrategia gabeko ardura gutxi hartu du orain artean. Multinazionalek gure bizitza, gustu, nahi, inteligentzia, iritzia, ideologia…ezagutzen eta almazenatzen ari diren bitartean, ez al genuke AA azpiegitura publikorik eraiki beharko? Teknologia eta AA artifiziala bera tresna bikainak dira —nik asko erabiltzen dut— baina ez al genuke LLM publiko eta etiko bat eraiki beharko? Behar bezala eta kutxa beltzik gabeko eredu berri bat?

Hau gutxi ez eta 2025eko datuen arabera, teknologiaren sektorean milaka langile kaleratzen ari dira. Kaleratze hauek ez dira soilik errentagarritasun-arrazoiengatik egiten ari, adimen artifiziala produktibitatea handitzen ari da, eta honek lanaren banaketa soziala desorekatu egin du. Teknologia sektorean, edo teknologia garatzen duten enpresa handienetan ematen ari da desoreka hau, baina eragina laster jaitsiko da erdi-mailako enpresa eta enpresa txikietara ere.

 

Makina batek ez du Gizarte Segurantzarik ordaintzen, ez du kotizatzen, ez du gaixotasun bajarik, ez du amatasun-laguntzarik, ezta pentsio-sarrerarik sortzen ere. Hori guztia gizakien kontura egiten da. Adimen artifiziala integratzen duten enpresek gero eta marjina handiagoak lortzen dituzte “kostu sozialik” gabe, eta gizakia iraultza berri baten transizioa hasten ari den une honetan, teknologia honek ez du inongo bestelako zergarik ordaintzen. Zergatik ez du Europar Batasunak “AA zerga” bat? Zergatik ez dugu pentsatzen, langile baten lanaren parte ordezkatzen duen sistemak, neurri berean, gizarte-kutxan ere ekarpena egin behar duenik? Honek ez luke berrikuntza zigortuko, justizia soziala bermatu baizik. AAk bere lekua izango du munduan, baina ezin da inola ere ordaindu gabeko lanaren paradigma berria izan. Ez dezagun debalde ateratzen utzi teknologiak egungo lanaren kontzeptua deseraiki eta eraldatzen hasi den trantsizio honetan. Lanpostu asko izango dira desagertuko direnak eta ez badugu erreakzionatzen, oso gaizki pasa genezake lanpostu berriak kontzeptualizatu, formakuntza jaso eta enpresetan demanda egon arte. Urteetako bilakaera izan daiteke eta bien bitartean mekanismo konpentsatorioak asmatu beharrean gara.

Europak oraindik denbora du, baina ez asko. AAaren ekonomiak ez du etenik eta AEBetako eta Asiako multinazionalen inbertsio potoloen aurrean, azpiegitura eta estrategia pubikoa eraikitzen hasi beharrean dira Europan. Ez badugu gure AA politika fiskal, sozial eta estrategikoa ezartzen, besteek egingo dute gurean. Eta orduan, ez gara arauak idazten ariko, zerbitzu pribatua ordaintzen baizik.