Esloveniako Bled herriko lakuaren bazterretik bota nuen nire lehen irrintzia, 2000ko hamarkadako lehen urteetako uda batean. Kroaziatik etorrerako bidaian, gure kanpinak egun horietan laku ondoko gauak oparitu zizkigun. Nik banuen halako miresmena irrintziak egiten zituztenekiko, baina nik ezin nuen, ez nekien. Itxita zegoen ate bat zen niretzat, ez oso hausnartua.
Aintziraren bestaldetik ilargipean irrintzi bat entzun genuen, eta “euskaldunak daude hor” pentsatu genuen, orduan ez nekien munduko bazter denetan irrintziak adierazpen humano eta kultural izan direla. Hiru lagunen artean adostu genuen “bat bi eta hiru” esan ostean erantzungo genuela. Bakarrik egin nuen lehen irrintzia. Eta askatu zen nolabait geruza emozional, sozial eta pertsonalak zituen korapiloetako bat.
Antzinako Erroman Lucio Tarquinio Harroak bere lorategiko mitxoleta altuenak moztu omen zituen, etsai zuten hiriko buruzagi boteretsuak desagerrarazi behar zirela sinbolikoki adierazteko. Mende batzuk geroago, Mitxoleta Altuaren Sindrome gisa izendatu izan da nabarmentzeak ekar dezakeen zigorraren beldurra, mekanismo sozial gisa.
Rumeet Billanen ikerketak (2018tik aurrera), hamaika herrialde eta sektoretako milaka emakume aztertu ostean, argitara ekarri zuen lorpenak ezkutatu eta gutxiesteko joera, babes mekanismo gisa. Anbizioa modulatu, ikusgarritasuna gutxitu edota ardura gehiago eskatzea saihesten zutela, babes mekanismo gisa agerian jartzen zirenean zigor soziala handiagoa zelako.
Eta horren eragina ez da indibiduala soilik, sistemikoa ere bada. Osasun mentalari eragiten dio, baina baita lan jarduerari, talentuaren garapenari, berrikuntzari eta antolaketa kulturari berari ere. Irrintziak ahots kolektiboa dira.
Backlash deitzen diote aurreikuspen sozialak hausten dituzten pertsonek jasotzen dituzten erreakzio negatiboari. Eta lidergo eremuetara iritsi diren emakumeek jasotzen dutena ikertua izan da, besteak beste. Nabarmendu zaitez, eta jasoko duzu egurra. Hamaika adibide biltzen segitu dugu asteotako saioetan, emakumeen eta boterearen arteko harremanaz elkar ikasten.
Norbaitek genero mandatua hausten duenean, zigor sozial informala baitator. Nola jasotzen dugu mandatua? “Ez nabarmendu”, “izan besteekiko babesle”, “xuabe”, ez denean “isilik hobe zaude”. Baina mitxoletak ikusgarri bilakatzen dituzten lorpen eta arrakasten ondorengoak esplizituak izan dira maiz, irain formatuak ez ditugu ezezagun. Eta sotilagoak ere. Errefusa, harreman zigorra, bazterketa, eta baita blokeo profesionala ere.
Ez baita arrakasta soilik zigortzen, espazioa okupatzeko “baimen” kulturala nork duen baizik.
Antolaketa kulturetan itzalak ekarri ditu horrek, noski. Emakumeon autozentsura, esaterako: ikusgarritasuna saihestuz, gatazkari ihes eginez, lorpenak gutxietsiz, edota barkamena eskatuz. Irrintzi isilduak, alegia. Honekin lotuta ageri dira aniztasun errealaren galera, molde nagusiak lehenesten dituztenen promozioa indartzen den heinean, eta baita lidergo artifizialak ere, izaera propiotik aldenduak, antzeztuak. Egiazkoa dena ezkutatzen dutenak.
Talentua erakartzea kezka-gune dugun garaiotan, irrintzietarako baimenak bide emankorra dirudi. Entzuteko prest ote gauden, ikusteke.
