Nora doaz hodeiak?

Nora doaz hodeiak? Hau ez da konpresa iragarki bat, ezta Euskalmeten parte metereologikoa ere. Izan dezake antzekotasunik klima-aldaketaren ondorioz Euskal Herrian euri gutxiago egiten duenaren kezkarekin. Hodei fisikoak bezala aldendu baitzaizkigu hodei digitalak.

Hodei digitalak datuak eta zerbitzuak hodeian gordetzeari buruzko erreferentzia metaforikoa dira. Hodei hori Internet bidez atzitzen den urruneko zerbitzarien sarea baino ez da. Hodei horretan gordetzen dugu ia guztia: gordetzen ditugu webguneak, enpresen datuak eta amonaren urtebetzeko azken argazkia, azkena izango den beldurrez mimo bereziz atera genuen hura.

Hodei fisikoak zeruan mugitzen diren bezala, hodei digitalak ere mugi daitezke; hau da, datuek eta zerbitzuek kokapen fisikoa alda dezakete zerbitzarietan edo/eta zerbitzariak lekualdatu daitezke. Aldatu daitezke, adibidez, Deriotik Valentziara edo Singapurretik Abanto-Zierbenara.

Hodeiok, aldentzen eta pilatzen ikusi ditugu azken bi urteotan. Web zerbitzarien sektoreko kontzentrazio-joeraren haizeak arrastoa utzi du tokiko sektorean: TWS enpresa holandarrak Hostinet eta Guebs erosi ditu, eta Miss Group suediarrak, berriz, ADW. Eta, hiru enpresa bizkaitar hauen eskualdatzetik urtebetera hasi dira deslokalizazio mugimenduak.

Web zerbitzarien alorreko eskuratze eta bateratze hauek lehiakortasun orokorra eta konpainia horiek web-zerbitzuen merkatuan duten posizioa indartzea bilatzen dute. Telefonia arloan bezalaxe urtero berritzen diren, eta berritze-tasa altua duten, zerbitzu txiki-ertain asko eskaintzen dituzte. Enpresa teknologikoez ari bagara ere komeni da ulertzea azpiegiturak, teknologia edo ezagutza baino askoz interesgarriagoak zaizkiela bezero-poltsak. Bezeroak erosten direla, alegia.

Fenomeno horrek, tokiko enpresa-egoera eraldatzeaz gain, sektoreko aniztasunari eta lehiari buruzko kezkak ere sortzen ditu, enpresek irismena handitu eta baliabideak maila globalean optimizatu nahi dituzten heinean. Eta horrela, gure itsasotik ura hartu eta beste nonbait isurtzen dute orain ura bertakoak ziren hainbat hodeiek. Urdingune handiegiak euskal zeru digitalean.

Hodei batzuk aldendu diren honetan, ba al dugu lehengairik hodeien sorrera sustatzeko? Sektoreari eusteko zailtasunaren aurrean, bestelako ekimenak ari dira agertzen datu-zentroei lotuta. Horien artean, proiektu publiko-pribatu baten hastapena: ADI Data Center, Euskaltelek, Teknei Taldeak, Dominionek eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta enpresek eta erakundeek informazioa hodeian biltegiratzeko ahalmen hurbil, fidagarri eta ekonomikoa izan dezaten. Aldi berean, burujabetza digitala bere ikuspegiaren funtsezko ardatz lehenesten duten proiektuak ari dira sortzen, tokian tokikoak.

Eskualdatze eta lekualdatzeen agertoki honetan, hodei hitza metafora ezin hobea da: euri faltagatik lurra desertifikatzeko arriskua ezagun dugun bezala, hodei digitalaren sektorearen deslokalizazioak antzeko erronkak sortzen ditu. Zer prezipitazio ekonomiko behar ditugu gure panorama digitalaren idortasuna saihesteko? Agian, natura euriarekin orekatzen den bezala, lankidetza izan daiteke gure enpresa-horizontea suspertzeko eta indartzeko tresna. Ez baikenuke hodeirik eta euririk gabeko euskal zerurik imajinatu nahi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK