Norberak defini dezala unibertsoa

Azkenaldian asko entzuten da enpresa handi eta txikien arteko kontzeptu liskarra. Zerk egiten du enpresa bat handi? Ustiapen-kontuak? Fakturazioak? Langile kopuruak? Ekimenak eragiten duen inpaktu sozialak? Enpresaren tamainak badu zuzenki edo zeharka erreputazioarekin zerikusirik? Gero eta zenbaki mardul eta dotoreagoak izan, orduan eta begirune handiagoz jasoko zaituzte enpresa-ekosistemak, bezeroek, zure ingurukoek… edo ez? Zeintzuk dira enpresa bat handia den edo ez zehazteko metrikak?

Spoiler: ez dago erantzun zuzenik.

Enpresa baten handitasunaren neurketa janzten ditugun betaurrekoen araberakoa izango da beti. Ez da berdina izango finantza-analista edo inbertsore baten perspektibatik neurtzen badugu, gure kuadrillako lagunen ikuspegitik edota korporazio bateko enpresaburu baten begietatik. Bakoitzak bere bisiotik, bere neurgailuak erabiliz, eta konparaketak eginez eratuko du zure enpresarekiko duen iritzia eta epaia. Pertzepzio hori beti da lagungarria merkatuak zeure lekuan kokatu zaitzan, baina ezin da inola ere iparrorratz izan.

Enpresa bat hasi nahi dugunean, aurrean dugun paper zuria betetzen hasteko, ditugun ideiek eta planak markatu behar digute bidea. Oso zentzuzkoa dirudien arren, zaila da askotan praktikara eramatea. Izan ere, prentsan ateratzen diren ranking, lehiaketa eta ekitaldiek askotan itsutu egiten dituzte enpresak, eguneroko aktibitatea alde batera utzi, eta euren irudi eta itxuran bakarrik zentratzeraino. Enpresak dinamika hori hartzen duenean, akabo plana. Honekin ez noa esatera prentsa ona izatea ez denik lagungarri; hori dena, ordea, behin-behinekoa da, oso aldakorra eta likidoa. Gaur laudorioz betetako hitzak, esaldi huts bilakatu daitezke etorkizunean.

Izan nahi dugun horren azpian eraiki behar dugu enpresaren izaera, kultura eta dinamika. Batzuek enpresaren fakturazioa eta errendimendua izango dute erdigunean, beste batzuek gizartean edo ingurunean sortu nahi duten inpaktua, eta hirugarren batzuek auzoko bezeroei ahalik eta zerbitzu onena ematea. Ez dut uste bata bestea baino hobea edo handiagoa denik; besterik gabe planteamendu ezberdina egin duten enpresak dira. Norberak defini dezala unibertsoa, neur ditzala emaitzak eta goza dezala bidea. Inor ez dago inori lezioak emateko eta gutxiago enpresa-eredu “ona” ala “txarra” den epaitzeko. Ez gaitezen azaleko konparaketetan eror.

Ez nuke zutabea bukatu nahi hasieran aipaturiko metrikez jardun gabe. Proposamen bat egite aldera, gero eta indar gehiago hartzen ari den enpresa-eredu bat ekarri nahi nuke mahai gainera, metrikak hiru oinarri nagusietan bereizten dituena: ekologiko, sozial eta ekonomikoa. Inpaktu hirukoitzeko enpresak, errentagarritasun ekonomikoaz gain, beste helburu batzuk dituzten eredu enpresarialak dira, besteak beste, komunitate eta inguru jakin batzuetan ekintza eginez eragin soziala sortzeko xedea, edota ingurumen-jardueren bidez klima-aldaketa arintzen laguntzeko helburua. Ez dut esango eredu hau oso berritzailea denik betidanik izan baitugu ekonomikoaz harago inpaktu positiboa sortzen jardun duten enpresak. Aldiz, azpimarratu nahi nuke gaur egun sortu diren edo sortzera doazen enpresa guzti-guztiek hau kontuan eduki eta neurtu beharko dutela. Bestela ez dira izango.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK