Norenak dira datuak?

(Spoiler: ez daukat erantzunik)

Mugikorrari begiratu diot esnatu orduko. Nire loaren patroiak behatzen dituen aplikazioak gau nahasia izan dudala esan dit, hiruzpalau aldiz esnatu bainaiz eta beraz, ez naiz lo sakonera iritsi gau osoan. Egunean zehar zenbat ur edaten dudan neurtzeko erabiltzen dudan aplikazioan abisu bat dut, zeinak esaten didan gaur arreta jarri behar dudala behar bezala hidratatzen, eguraldiaren aplikazioak dakarren informazioaren arabera, ohikoa baino beroa handiagoa izango dugulako. Hori guztia oso praktikoa da, eta zinez lagungarria iruditzen zait. Baita oso-oso disruptiboa ere.

Mundua mugiarazten duen indarra datua da, eta beraz, balio ekonomiko estrategikoa du. Aro digitalean, egiten dugun guztia 0/1 bilakatu daiteke, eta beraz, kudeatu daiteke. Hau da, erosi eta saldu daitekeen zerbait bilakatu gara.

Data-brokerrak milioi askoko enpresak dira eta datuen salerosketa muturreraino eraman dute. Guk ez ditugu ezagutzen; ez dira hitzetik hortzera erabiltzen ditugun izen ospetsuak, baina beraiek den-dena dakite gutaz. Gure eguneroko jardunean sortzen ditugun datuen salerosketa da negozioaren funtsa. Datuak erosten dituzte nonahitik: sare sozialen erabileran uzten dugun arrastoa, kreditu-txartelekin egiten ditugun erosketak, klinika pribatuetan egindako kontsultak, aplikazio mugikorretan gordeta geratzen den posizionamendua edo kontsultak, eta baita etxetresna elektriko adimendunek edo autoko nabigatzaileak gordetako informazioa ere. Datuak erosten dituzte enpresa horiek eta, ondoren, portaera, lehentasun, esperientzia eta ezaugarri pertsonalen datu-baseetan biltzen dute, besteak beste, sexu-orientazioa, egoera ekonomikoa, aukera erlijiosoa, aukera politikoa edo gaixotasun genetikoak barne hartuta. Datuak informazioaren lehengaia dira, baina prozesatzeko gaitasuna behar da hori guztia digeritu ahal izateko. Datuak, izan ere, gordinak dira, jaten zailak: ezagutzaren entzimaren bidez prozesatu arte ez dira informazioa bilakatzen. Eta liseriketa egitea negozio handia da batzuentzat. Lagun on batek askotan esan ohi duen bezala, “zerbitzua dohain ematen digutenean, gu geu gara prezioa”.

Kezkagarria da, oso, datuen salerosketa unibertsalizatu dugulako gure eskubideen kaltetan. Duela urte batzuk enpresa horietako batek farmazia-industriari eskaintzen zion katalogo bat filtratu zen, eta besteak beste jakin genuen arazo mentalak edo gaixotasun autoimmuneak zituzten pertsonak, sexu-abusuen biktima izan ziren emakumeak eta ideia suizidak zituzten nerabeak ederki kotizatzen direla. Estatu Batuetan emakumeek abortatzeko duten eskubide konstituzionala desagertu denetik, familia-plangintzako klinika batera metodo antikontzeptiboez galdetzera, biharamuneko pilula eskatzera edo haurdunaldia legez amaitzera joan diren emakumeen datu-baseak orain oso preziatuak omen dira.

Informazioaren aroan bizi garela esatea begien bistakoa dena agerira berriro ekartzea da; hitz lauz esanda, pellokeria galanta. Informazioa, izan ere, egokitu zaigun garai digital honetako petrolioa da, baliorik handiena duen ondasuna. Den-dena informazioaren inguruan egituratzen da: gure kontsumoa, informatzeko erabiltzen ditugun patroiak, gure harremanak, baita maite duguna edo gorroto duguna ere. Guzti-guztia datu bihur daiteke, eta datu horien segidak informazio-jarioa sortzen du.

Datuek biluzik uzten gaituzte errealitatearen aurrean, egiazki zer garen esaten dutelako. Hauskor egiten gaituzte, edo menperatzen errazak. William Thomson fisikariak esan zuen bezala, neurtzen ez dena ez da existitzen eta, hortaz, errealitatea ulertu ahal izateko informazio egoki eta neurrikoa behar dugu. Baldintza ezinbestekoa da, baina ez nahikoa, ordea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK