Bilkurak. Laburrak, arinak, luzeak, amaigabeak. “Hemen ez da lanik egiten?” entzun diozu bati. “Bilkurak egitea ez da lana?”, besteari. Begiratu dituzu aurpegiak gaurko bilkuraren amaieran, eta hamaika tonu topatu dituzu. Asperdura, nahasmendua, kezka, harridura, urduritasuna. Bilkura bera al da?
Itoginak izaten ditugu batzuetan enpresa eta lantaldeetako bilkuretan. Tantak ihesean, bilkuraren helburua izendatu, aipatu ez den aldiro. Tantak, aurretik egin beharreko prestakizunak egiteke egonda ere, konpontzeko biderik erabaki eta ardurak banatu ez diren aldiro. Tanta gehiago, elkarrekin pentsatzeko bilkura bati tik-tok giroa jarri, edota koordinazio arinerako den bati denborak jarri ez dizkiogun aldiro.
Eta asko gal daiteke, denbora, baliabide eta eraginkortasun ikuspegian, itogin hauetatik, bereziki egiteko modu ohikoaren eta errutinaren parte badira. Baina benetan zartadurak ekartzen dituena bilkuretako ekarpenen “zertarako” hori argia ez izatea da. Talde gatazka eta antolakunde arazo askoren iturburua hor topatu dugu maiz. Eta gatazka bizipenak energia xahutzen du, aukera begiradatik lantzen ez bada, noski.
Zenbatetan gertatu zaizu bilkura batean erabakitzen ari zinetela pentsatu, eta ondoren konturatzea gai horren inguruko iritzien elkar-trukea egon bazen ere, erabakia beste nonbait eta beste norbaitek hartu zuela konturatzea? Zenbatetan, ezer erabaki gabe gaiez gai solasean aritzea? Edo zure iritzia emateko baldintzarik topatu ez duzula nabaritzea? Zer gertatuko den jakiteak, ze joko-arauren arabera parte hartzen dugun ezagutzeak, iritzia galdetzen zaigunean zertarako den argi izateak kokatu egiten gaitu. Kokatu bilkura horretan, taldean, enpresan.
Eta zer gertatzen da ez baldin badakigu? Batetik, espektatibak sakabanatu egiten direla. Bilkuran beraz emaitza ezberdinak espero ditugu, eta batentzat onargarria dena beste batentzat zapuztea izango da. Gela ilun batean bezala gaude. Bestetik, ez betetako espektatiben itoginak jario bilakatzen direla. Kezkak haserre, urduritasunak tentsio, asperdura desmotibazio. Eta hortxe gatazkaren erreka hazten.
Ze argi falta du zure gaurko bilkurak? Zein da helburu zehatza? Zeintzuk dira gaiak, eta horietatik zeintzuk lehentasunezkoak? Erabaki egingo duzue ala elkarrekin pentsatu? Pentsamendu kolektiboa eraiki nahi duzue, ala erabaki eremuak banatu? Zertarako erabiliko dira iritziak? Zer eskatzen zaio bakoitzari, eta zer eskaini? Bai, ekintzari eta emaitzei begirako galderak dira, baina beste geruza batekin lotuta daude: harremanarena. Gure ekarpena aitortzen da, honi modua eta lekua eskaintzen zaionean, argitasunez.
Eta nork argiztatzen du gela zure lantaldean? Kontuz, batzuetan argiak itsutu egiten du hasieran. Baina jakingo duzu zure hitzaren lekua zein den.
