Beti iruditu zait perifrasi horrek kutsu negatiboa duela, beharbada gaztelaniatik ekarritako "suizidio" hitzak baino negatiboagoa, hitzak berak izendatzen duen ekintza bera baino gauza negatiboagorik egongo balitz.
Osasun mentala, irakurleok, oraindik ere gure gizartean tabu dena. Arazo mentalak ukatu edo ezkutatu egiten ditugun arren, hor daude, gure egunerokotasunean sartuta, eta gure gizartearen parte dira. Izan ere, besteak beste, oraindik ere bere buruaz beste eginda hiltzea da Euskal Herriko nerabe eta gazteen artean heriotza kausa nagusia.
Lan zuzenbidearen aldetik ere badago zer esana. Langile baten suizidioa lan-istriputzat jotzea ala ez, askotan aztertu da jurisprudentzian eta doktrina zientifikoan. Suizidioaren ustezko borondatezkotasuna dela-eta, betidanik ezagutu ditugu kausalitatea ukatzeko muturreko jarrerak, baina, pixkanaka, jurisprudentziak lanaren eta suizidioaren arteko kausalitate-kasuak zehaztu ditu (burutua edo saiatua). Izan ere, askotan langile batek bere buruaz beste egiteko erabakia hurbiletik eta zuzenean bere lanarekin lotuta izaten da.
Gogoratu lan istripuaren kalifikazioak enpresarentzako prestazioen gaineko errekargua eta erantzukizun zibila ekar ditzakeela. Baina zer egin dezake enpresak suizidioa ekiditeko? Laneko arriskuen prebentzioan lan eskerga dago oraindik egiteko, arrisku psikosozialen arloan zehazki, bai beren ebaluazioan, baita horren ostean hartu beharko liratekeen neurrietan ere.
Enpresak kontuan hartu behar ditu langileen karga mentala, lan denbora, eskakizun emozionalak, langileen arteko harremanak, agintzeko estiloa, eta abar. Derrigorrezkoa den arren, gutxitan ikusten dugu enpresetan eskakizun horiek betetzen direla. Ez zaio behar duen garrantzia ematen (gizarte orokorraren isla direlako, ziurrenik), nahiz eta gure bizitzaren parterik handiena non eta lanean ematen dugun. Nire lagun batek esaten duen moduan, senarra baino askoz gehiago ikusten du ugazaba. Eta horrek ondorioak ekartzen ditu: laneko jazarpena, gaixotasun mentalak (antsietate depresiboa egunero entzuten dugun diagnostikoa da)… Eta horiek batzuetan —edo gehiegitan, tamalez— azken muturreraino eramaten dira.
Osasun mentala: gizartearen eta lan munduaren erronka.