ChatGPTri galdera bat egiten diogun bakoitzean, ez dugu pentsatzen atzean dagoen makinerian eta gastuan. Pantailan erantzuna agertu eta kito. Baina galdera bakoitzaren atzean datu-zentro erraldoi bat dago, elektrizitatea irensten duten GPUak gelditu gabe lanean. Datu-zentroen eskari elektrikoa bikoiztu egingo da 2030erako; bikoiztu, bost urtetan. Garbi dago adimen artifiziala erabiltzeko eskaria hazi egingo dela etengabe, baina gizarteak erabili ahal izateko energia hori nondik aterako dugu, eta zeren kontura?
Adimen artifizialaren iraultza, azken batean, energia kontua bilakatu da. Irlandan, datu-zentroek herrialdeko elektrizitatearen %22 baino gehiago kontsumitzen dute dagoeneko, eta 2030erako %30era iritsiko dela aurreikusi da. Estatu Batuetako hainbat Estatutan elektrizitatearen prezioak nabarmen igo dira, eta igoera hori etxeko fakturetara iristen ari da. Cornell unibertsitateko ikerketa batek ohartarazi du AAren datu-zentroek 5-10 milioi autoren pareko emisioak gehitu ditzaketela, eta 6-10 milioi etxebizitzaren ur-kontsumoaren parekoa irentsi. Liluratuta AAren onurak, adimena eta azkartasuna probatzen ari garen bitartean, nork ordainduko du faktura energetikoa? Asmatu.
Industria bera arazoaz ohartu da eta neurri berriak asmatu nahian dabil: watt bakoitzeko tokenetan jarri dute fokua. Orain arte softwarearen produktibitatea kodea idazteko abiaduran neurtzen bagenuen, orain energia-eraginkortasunean neurtuko dugula dirudi. Munduko Ekonomia Foroak "energia neto positiboko AA" kontzeptua proposatu du: AAk ahalbidetutako energia-aurrezkiak bere kontsumoa baino handiagoak izatea. Posible al da? Adibideak badaude: Txinako eskualde batean, AAz koordinatutako sare batek 100.000 MWh aurreztu ditu eta puntako eskaria %5 murriztu.
Eta gurean, zer? Euskal industria “elektrointentsiboa” da hein handi batean, eta energia-kostuek urteak daramatzate gure lehiakortasuna baldintzatzen. Orain, AAren olatua dator, eta horrekin batera datu-zentroen eskaria. Aukera gisa irakur dezakegu: energia berriztagarrietan, sare adimendunetan eta eraginkortasun energetikoan dabiltzan euskal enpresentzat merkatu erraldoia zabaltzen ari da. Edo mehatxu gisa: prestatzen ez bagara, AAren kostu energetikoa gure fakturetan eta gure industriaren kostuetan islatuko da, erabakiak beste nonbait hartzen diren bitartean.
Urtetan helburu klimatikoak ezarri eta haien aldeko esfortzua egin ostean, prest al gaude horiek aldatzeko? Erantzuna ez dut uste AAri uko egitea denik, erabilera kontzientea baizik. AAren errenta enpresa gutxi batzuen eskuetan pilatzen ari da —datu-zentroen, txipen eta ereduen jabeenetan—, baina kostu energetikoa guztiok ari gara ordaintzen: fakturetan, emisiotan edo baliabide naturalen ustiaketan. Mundu mailan egon daitekeen erabaki politiko handienetariko baten aurrean gaude, eta gutxi ari gara honen inguruan debatitzen. Energia ondasun komuna bada, hura irensten duen AA ere ondasun komun bilakatu beharko litzateke, zergen, erregulazioaren edo jabetza publikoaren bidez. Adimen artifizialak ondasun komuna behar du izan, bere garaian Internet eraiki zen bezalaxe. Bien bitartean, AAren irabaziek finantzatu dezatela irensten duten sare elektrikoa.