Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

'Offline' luxua

2025eko azaroaren 24a
xabi murua 2022

Azken urteotan inoiz baino gailu, plataforma, automatizazio eta informazio gehiago dugun arren, inoiz baino antsietate —ez klinikoa, urduritasun edo itolarri egoerak— handiagoarekin eta nekatuago bizi gara. Norbanako batek egunero ia lau ordu ematen ditu mugikorraren aurrean eta gazteen artean erabilera bost ordura igo da, azken lau urteetan %29ko igoera suposatzen duelarik. 

 

Harvard Medical Schoolek frogatu du jakinarazpen etengabeek alerta-sistema fisiologikoa aktibatzen dutela, eta horrek antsietatea handitzen duela finean. American Psychological Associationek dio gehiegizko esposizioak kontrolik ezaren sentsazioa eta antsietate soziala sortzen dituela, eta King’s College Londoneko analisiek ondorioztatu dute pantaila gehiegi erabiltzeak depresio sintomak %28 handitzen dituela. Testuinguru honetan, osasun mentalaren gainbehera datuetan agertzen da argien: Osasunaren Mundu Erakundeak dio pandemiaren ondoren depresioa eta antsietatea munduan %25 hazi direla, Espainiako Estatuan —Euskal Herrikoak ez ditut topatu—, osasun mentaleko kontsultak %40 igo dira azken bost urteetan, eta gazteen artean antsietate diagnostikatuak %46 handitu dira.

Deskonexio digitalaren inguruko ardura ez da soilik pertsonala edo soziala; jada eskubide juridikotzat jotzen da hainbat lekutan. Frantzian 2017az geroztik enpresek bermatu behar dute langileek lanetik kanpo ez dutela mezu edo emailik jasoko, eta Europako Parlamentuak 2023an onartu zuen deskonexio digitalerako eskubidea arautu beharra, botoen ehuneko laurogeita hamarraren babesarekin. Guk ere badugu eskubide hori, baina spoiler… langileen gehiengoak dio praktikan ez dela betetzen. 

 

Deskonexioa ez da kapritxo bat: pantailarik gabeko 24 edo 48 orduko egonaldi batek —asteburua bederen— kortisol maila jaitsi egiten du, loaren kalitatea hobetzen du eta arretaren gaitasuna areagotzen. Baina badira deskonektatzea gainbaloratuta dagoela esaten duten zuzendari, enpresari eta ekintzaileak ere. Urrutira joan gabe, hamabi edo hamalau orduko lan-orduak egiten dituen jendea dugu inguruan, zenbat eta ordu gehiago egin, orduan eta langile finago eta hobeak izango garela sinistuta. Ondoren, lan-ordua amaitu, eta sare sozialetan beste hiru edo lau ordu pasako ditu “egunean jartzeko”, eta ohera joan aurretik YouTube edo Netflix kontsumituko du, “atera berri den seriea ikusi beharra baitu”. Gezurra dirudien arren, lanpostuaren arabera pantaila aurrean 15 ordu igarotzera irits gintezke, lasai asko gainera.

Hau guztia esanda, sentsazioa dut offline egotea bihurtu dela gaur egungo luxurik preziatuena, arreta eta lasaitasuna berreskuratzeko aukera bakanetako bat izan daitekeelako. Gaur egun “detox digital” aitzakiarekin boutique hotelak, spak eta naturako erretiro profesionalak saltzen dizkigute, baina ez al da hori ihes egitea? Gure egunerokoan dugun konexio eta pantailekiko dugun dependentziaren deskontrolari muzin egin behar al diogu? Kontrola berreskuratzean dago gakoa, ez astebeteko erretiroak hartzean. Teknologia baztertzea baino, haren gaineko boterea berreskuratu behar dugu; kontzienteki egin behar dugun ariketa bat da, eta ez dugu egun batetik bestera aldatzea lortuko. Adimen artifiziala erabili behar badugu, izan dadila denbora irabazi eta gehiago deskonektatzeko. Sare sozialak erabiltzen baditugu, izan dadila fisikoki elkar ikusteko hitzordua zehazteko. Lanean ordenagailuarekin lan egiten badugu, hartu denbora paperean pentsatu eta ordenagailuan garbira pasatzeko. Eguneroko hack txikiak eginez lortu dezakegu konektatuta egiten dugun denboraren kontrola berreskuratu eta aurrerantzean naturako erretiro premiumik egin behar ez izatea.