Ez, ez nabil gure gurasoek txikitan egunero azpimarratzen ziguten askaldu beharrari buruz, baizik eta lan zuzenbideari buruzko beste bitxikeria bati buruz. Izan ere, dakizuenez, eguneko lanaldi jarraituak sei ordu baino gehiago irauten badu, atsedenaldi bat ezarri beharko da, gutxienez hamabost minutukoa. Atsedenaldi hori benetako lan-denboratzat hartuko da hitzarmen kolektiboan edo lan-kontratuan hala ezarrita dagoenean.
And the question is: langileak atsedenaldi hori derrigorrez bete behar al du? Erantzuna baiezkoa da. Horren harira, Errioxako Auzitegi Nagusiak 2025. urtean emandako epaia.
Frogatutako gertakarien arabera, enpresan ogitartekoaren atsedenaldia ez da benetako lan-denboratzat hartzen, eta, beraz, berreskuratu egin behar da. Hala eta guztiz ere, langileak 15 minutuko atsedenaldia ez egitea eta eguneko lanaldia aurreikusitakoa baino 15 minutu lehenago amaitzea erabaki zuen.
Enpresak idatzizko ohartarazpenak egin zizkion eta geroxeago lehenengo zehapen bat jarri zion, baita bigarren bat ere. Langileak ez zuenez bere jokabidea aldatu (9 egun jarraian egon zen atsedenaldia hartu gabe eta 15 minutu lehenago irteten) azkenean kaleratu egin zuten.
Epaitegiak azpimarratu duenez, langileak ez zuen baimenik nahitaezko atsedena ez betetzeko, ez eta lana antolatzeko arauetatik aldentzeko ere. Hori dela eta, bere jokabideak lan-diziplina nabarmen urratzen du, eta are larriagoa da, aurretik bi aldiz zehatua izan ondoren, desobeditzen jarraitu zuelako. Aldi berean, auzitegiak ukatu egiten du enpresari zuzeneko kalte ekonomikorik ez egiteak jokabidearen larritasuna arintzea, uste baitu ezin dela onartu langile batek bere kabuz mugatzea benetako lan-denboraren edo nahitaezko etenaldien gaineko eskubideak, eta gainerako langileekiko konparaziozko bidegabekeria sortzea.
Era berean, epaiak nabarmendu du ogitartekorako etenaldia laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudian txertatzen dela, legez ezarrita baitago laneko osasuna eta segurtasuna zaintzeko, eta, beraz, hori ez betetzeak balizko zigor administratiboak eragiten dizkio enpresari.
Testuinguru horretan, Errioxako Auzitegi Nagusiak ondorioztatzen du ohartarazpen eta zehapen errepikatuen ondoren, bederatzi egunez jarraian lanpostua aldez aurretik uztea falta oso larria dela, eta guztiz justifikatzen duela diziplinazko kaleratzearen bidezkotasuna.
Egia da langilearen burugogorkeria oso nabarmena izan zela, idatziz ohartarazia izan eta bi zehapen jaso arren, temati jarraitu zuelako bere jokabidean. Baina funtsean dagoena zera da: atsedenaldia errespetatu behar dela eta langileen eskubide bakarra ogitartekoa jan edo ez jan aukeratzean datzala.