Lanbidek 1.200 milioi euro baino gehiago kudeatuko ditu aurten. Eusko Jaurlaritzak harekin sinatu berri duen kontratu-programak argi ezartzen ditu lehentasunak: gazteak, emakumeak, adinekoak eta egoera zaurgarrian dauden kolektiboak. Ez dut nik zalantzan jarriko hautu horren zuzentasuna. Lan-merkatutik kanpo geratzen direnak babestea gizarte kohesionatu baten zimendua da, eta Euskal Herriak hamarkadetan eraiki duen eredua, hein handi batean, konpromiso horretan sustraitzen da.
Baina enplegu-politika orok badu premisa ezkutu bat: arazoa non dagoen badakigula, eta bihar ere bertan egongo dela. Gaurko tresnak atzoko langabeziari erantzuteko diseinatu ziren; esaterako, industria-birmoldaketak, krisi ziklikoak, kualifikazio baxuko lanpostuen galera…. Langabetua identifikatu, haren profila aztertu, prestakuntza eskaini eta lan-merkatura bideratu berriro. Logika erreaktiboa da, eta ondo funtzionatu du trantsiziorako denbora izan dugun aldietan.
Irakurtzen banauzu, konturatuko zinen oso astuna izaten ari naizela gai honekin artikuluetan, baina datorrena ikusita, kontsistentea izatea erabaki dut, beste izaera batekoa baita etortzear dagoena. Adimen artifizialak ez du lehenik zaurgarriena kolpatuko; Gauss kanpaiaren erdigunea astinduko du, eta gogor. Administrazioko langileak, kontularitza-bulegoak, ingeniaritzetako teknikariak, juristak, programatzaileak, itzultzaileak… Gaur egun egonkortasuna, soldata duina eta etorkizun-proiekzioa dituzten pertsonak dira, hain zuzen enplegu-politiken radarrean inoiz agertu ez direnak.
Gizarteko masa kritikoari eragingo dion aldaketa da, eta ez hamarkada batean, datozen bi edo hiru urteetan. Hor dago koska. Zer gertatuko da milaka pertsona aldi berean iristen badira, sektore oso batek bat-batean bere balioa galdu duelako? Ez dago horretarako leihatila nahikorik, ezta aurrekonturik ere.
Horregatik behar dugu aurrea hartzeko gobernantza. Finlandiako Parlamentuak Etorkizunerako Batzordea du 1993tik, eta Singapurrek, SkillsFuture programaren bidez, prestakuntza-kreditua ematen dio herritar orori, langabezian egon ala ez.
Hemendik aurrera, hilabetero neurtu beharko genuke lanpostuek AArekiko duten esposizioa, sektorez sektore. Eustat, Lanbide eta HiTZ bezalako zentroen datuekin, urteko txostenen ordez, denbora errealeko adierazleak jasotzen hasi behar dugu. Bestalde, langileen ordezkariekin negoziatutako AA-plangintza sustatu beharko genuke, automatizazioaren irabazien zati bat birkualifikaziora bideratzeko. Eta azkenik, esperimentaziorako arau-esparrua: esperimentaziorako pilotu gehiago behar ditugu, sei hilabetean diseinatu eta ebaluatzeko aukera eskainiko duen esperimentazio esparrua. Lanbide beti ikusi dugu instituzio gris eta inertzia handiko elefante gisa, baina orain, inoiz baino gehiago behar dugu aire freskoa eta esperimentazioa. Zaurgarrienak babesten jarraitu behar dugulako noski, baina olatuak harrapatu gaituenean igeri egiten ikastea ez da politika publikoa, salbamendua baizik. Ikasi dezagun AArekin lan egiten ikasten, gure lanpostuan hilabetero aldatuko denaren ideia egiten eta jendea horretarako prestatzen.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta