Chimamanda Adichie idazle nigeriarraren TED hitzaldirik ospetsuenak Istorio bakarren arriskuak du izenburu. Kontatzeko modu atseginaz egia desatsegin mordoa eskaintzen du bertan, estereotipoek gure bizitza nola pobretzen duten azaltzeko. Kontakizuna pasadizoz beterik dago, eta inorenak jaso beharrik ez du, emakumea, afrikarra eta idazlea izanik ugari jasan baititu berak bere azalean. Bada, hizketaldi gozagarriaren amaieran dio: “Istorio bakarrek estereotipoak sortzen dituzte, eta estereotipoen arriskua ez da faltsuak direla, osatugabeak direla baizik”. Errealitatearen alderdi bakarra erakutsi eta handietsi egiten dituzte estereotipoek, errealitatea bera pobretuz horrela.
Euskal herritar orok bere baitan sukaldari bat (aritua, aditua edo frustratua) omen darama. Jatunak omen gara, janari-zaleak eta sukaldari trebeak (salbuespenak salbuespen). Egia izan daiteke hori, edo estereotipo hutsa, baina hainbeste aldiz entzun eta gero, gu geuk ere sinetsi egiten dugu maiz. Egia izan ala ez, bada horretan maiz kontuan hartzen ez dugun beste alderdi bat, euskal gastronomiaren inguruan hitz egiten denean gutxitan azpimarratzen dena.
Azken datuen arabera, Euskadiko elikaduraren balio-katea geure Barne Produktu Gordinaren ia % 10 da, eta zuzeneko 140.000 lanpostu ingururi eusten die. Kate horrek barne hartzen ditu lehen sektoreko jarduerak, industria-eraldaketa, banaketa, zerbitzu-enpresak eta ekipamendu-ondasun osagarriak, eta baita sare zabal horri eusten dion ezagutza-eragileen egitura zientifiko-teknologiko handia ere.
Estereotipoaren atzean errealitate ekonomiko sendoa datza, beraz. Azken bi urteak ez dira batere errazak izan eta Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2024 Plan Estrategikoan jasotako hazkunde-aurreikuspenetatik behera geratu da elikadura eta gastronomia, pandemiaren eraginez erabateko etena gertatu baitzen sektorearen garabidean. Normaltasuna (sic) berreskuratu orduko, baina, euskal gastronomiaren sukaldeak jo eta su jarri dira eta aurtengo datu zehatzen faltan, turismo gastronomikoak BPGari egindako ekarpena % 4 ingurukoa izango dela aurreikusten da. KPMG etxeak 2019. urtean egindako ikerketaren arabera, gastronomiak erakarrita bisita egiten dutenek gainerako turistek baino % 20 gehiago gastatzen omen dute.
Gure gastronomiaren historian makina bat istorio eder daude: berrikuntzarena, eraldaketarena, munduko mapan kokatu gaituen nazioarteratze-estrategiarena, eta abar luzea. Aurrera begira zein istorio kontatuko ditugun ez dakit, baina digitalizazioa, jasangarritasuna, ikerketa eta talentua hitzak bera baitan hartuko dituztela esango nuke.
Atzo abiatu zen Donostian San Sebastian Gastronomika kongresua, United Kulinary izenburuarekin. Tradizio handiko kongresua da, munduko gastronomiaren agendan leku propioa duena aspalditxotik eta kutixi-zaleen topaketa baino askoz gehiago dena, gainera. Produktua, prozesua eta merkatuaren joerak aztertzen dira, eta topaketa enpresariala ere bada. Esan beharrik ez dagoela pentsa litekeen arren, estereotipoa osatze aldera, berriro esango dugu: gastronomia ere ekonomia da. On deigula janak, eta kalterik ez esterotipoek.