Ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen harira

Ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen delituak haserre bereziki sumina eragiten du iritzi publikoan. Bi arrazoirengatik: zerga bidez (ia) guztiok ordaindutako dirua modu maltzurrean erabiltzen delako, eta gauza publikoaren zerbitzura egon beharko luketen agintari edo langile publikoak direlako egileak. Guztion dirua ebatsi eta sistemarekiko konfiantza pitzatu, hara zer bi habe zulatu. Hala ere, delitu horrek gizartea goritzen badu ere, delitugileek gehienetan justifikazioa topatzen diote beren buruei eta beren ekintzei; esango nuke beste delitu batzuetan ez bezala, egin osteko damurik nekez ikusten dugu.

Zer esan nahi du ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik delitua egitea? 2022ko hondarreko azken erreformaren ondoren, egileak, beti agintari edo funtzionario publiko, ondare publikoari xede duenaren aldean erabilera desberdina ematea, edo ondasun publikoak erabilera pribatuetarako bideratzea, edo berak edo hirugarren batek ondare publikoa bere egitea. Konparaziorako: kuadrillako poteoan tragotarako botea metroa ordaintzeko erabiltzea, edo zuzenean, botea botedunaren poltsikoan edo lagunarenean sartzea.

Egun hauetan lan publiko baterako azterketak egiten diharduten oposiziogileak zintzotzat dauzkat. Halaber, uste hori ematen diet erabat hemendik maiatzera bitartean eta gero urte bukaeran beren burua hauteskundeetara aurkeztuko duten pertsona saiatuei, eta baita egunero tratatzen ditudan inguruko langile publikoei ere. Gauza publikoan dihardutenen artean araua da zintzotasuna, diru publikoaren erabilera leiala eta dirua ez poltsikoratzea. Nahiz eta sagar ustelak ere gertatzen diren. Gardentasun eza, bezerokeria eta harreman sare ustez guztiz ahaltsua elkartzen direnean, inguru egokia ematen da sasi aprobetxategiek beren konturakoak suelto egin ditzaten.

Adibideak ugariak dira: hirigintzazko berkalifikazioen ondorioz dirua ebastea gizarteari, administraziorako erosketen aitzakipean dirua boltsaratzea, zergetatik jasotako dirua norbere poltsikora desbideratzea, administrazioak bahitutako ondasunak norbere probetxurako erabiltzea, dirulaguntzen dirua norberarentzako gordetzea, isunetako emaitza sartzea boltsan, dirulaguntzen xedea aldatzea, karguaren nagusikeriaz baliatuz kontratu publikoetako finantziazioan eskua sartzea, ordainduta izan behar ez duten karguengatik dirusari potoloak jasotzea, administrazioak gordailuan dauzkan ondasunak agintari edo langile publikoaren pentzutarako bideratzea… Ehundaka kasu topa ditzakegu azken, demagun, hogeitamar urteetan Euskal Herriko auzitegiek emandako epaietan.

Aipatutako guztiak daukate oinarria kasu erreal batean, eta guztiek jaso dute, kasu horietan, zigorra. Beste kontu bat da, ondare publikoari eta guztion boltsari begira oso garrantzitsua iruditzen zaidana, zenbat diru berreskuratu duen gizarteak, zenbat jaso duten erakundeek askotan urteak irauten duen epai bide baten ondoren kondenazko epaitza gertatzen denean. Zeren ikusten duguna da badagoela korrelazio bat bidegabe erabili den diruaren muntaren artean eta diru hori berreskuratzeko zailtasunaren artean: zenbat eta munta handiago, berreskuratzeko aukera gutxiago.

Gardentasuna eta datu irekiak herritar guztien eskura egon behar duten sasoian, ez legoke sobera bidegabe erabilitako epaien eta haien ondorioz berreskuratutako kopuruen informazio eskuragarri eta osoa. Poteoko botea tragotarako erabiliko dela ziurtatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK