Ondo goaz?

Atxagak “Bi letter” jaso zituen oso denbora gutxian, eta nik bi mezu kontraesankor egun berean. Gure ilobak lanpostu berria lortu du eta pozarren, familiako Whatsapp taldean jarri du albistearen berri, asteburuko bermuta bere kontu izango dela gaineratuz. Mezu-andana etorri da ondoren, zorionak esanez, azkenean gauzak zuzentzen ari direlako, denok pozik. Zorion-mezuen erdian, baina, beste bat heldu da, adiskide batena, laguntza eske. Bere semeak gradua eta masterra bikain gainditu zituen arren, zeharo prekarioak diren lanpostuak kateatu ditu azken urte honetan, bata bestearen atzean. Etsituta dago, nondik jo ez daki etorkizunik ezaren gurpil zoroari izkina egiteko. “Badakizu” —idatzi du lagunak— “gaur egun gazteek ez dute aurrera egiterik”. Eta gazte jendeak bizitza zein latz ikusten duen elkarri esanez jarraitu dugu, tarte baten.

Gauzak ongi doaz? Gauzak gaizki doaz? Bai eta bai, eta ez da kontraesana, makro eta mikro azterketek errealitatearen argazki bat ematen dutelako, baina ez beti bizitzak jokatzen diren planoko xehetasun guzti-guztiak.

Lanposturik ezak sortzen duen angustiarekin bateratsu, lanpostu kualifikatuak betetzeko enpresarien estualdia gertatzen da. Ekonomia suspertzen ari dela erakusten duten datuekin batera, elikagai freskoak erosteko estualdia sufritzen duten familien komeriak daude.

Gure gizartean esne-mamitan hazitakoak dira nire iloba eta lagunaren semea. Ez zaie aukerarik falta izan nahi izan duten prestakuntza egiteko, baita atzerrian egonalditxoren bat edo beste egiteko ere. Bizibide eroso samarra egiteko behar izan duten guztia eman zaie, neurrian, baina aparteko estualdirik gabe. Priblegiatuak dira biak ala biak, baina ez dute horrela izendatuko bere burua. Ilobak ekonomiaren hazkundeak seinale onak jaulkitzen dituen itsasargia dela esango luke, nire lagunaren semeak ekaitza iragartzen duen barealditxoarekin konparatuko lukeen bitartean.

Eustat-en datuak ezagutu genituen joan den astean, eta itxura guztien arabera, ekonomiaren moteltzea bukatzear egon daiteke. Albistea irakurri baduzu, irakurle, gauzak ongi doazela pentsatuko duzu, eta hala ez denik esateko arrazoirik ez dago. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko martxaren berri ez dakit, baina Euskal Autonomia Erkidegoan % 1,8 hazi zen iaz ekonomia, eta zenbakia apala bada ere, Euroguneko zero tasetatik aldendu egin gara, eta interes-tasa handiagoek eta inflazioak eragindako beldurrak, gutxika-gutxika, uxatzen ari dira.

Arnasa hartzen ari garela diote datuek, ondo goazela, azkenik. Eustaten datuetara itzuliko naiz une batez. 2023. urtean aurreko urtean baino 16.500 lanpostu gehiago zenbatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, BPGaren erritmo berberean hazi da enplegua. Urte berria sendo hasi da eta aurreko epe berbereko enplegu-kopuruekin konparatuta, % 2,1eko hazkundearen marra gainditu da.

Nekez esan daiteke gaizki goazenik, baina ongi goazela esatea ere gehitxo da. Aukerak sortzen dira, baina aukera horiek ez dira berdin banatzen edo ez daude guztien eskura berdin-berdin. Pribilegiodunen artean ere, desberdin banatzen dira, itxaropena eta etsipena bezainbeste.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK