Online erosketen obsoleszentzia

Noiz edo noiz egin al duzu erosketaren bat online dendan? Kaleko komertzioetan aurkitu ez duzun gabonetako opariren bat, akaso? Urte berriko asmoak erdiesteko bizikleta berria? Zure herrian aurkitzen ez duzun arropa marka konkretu baten galtzak? Gero eta gehiago erosten dugu online. 2022ko urteko ikerketa baten arabera, Espainiar estatuan 16 eta 70 urte bitarteko pertsonen %78k —24,7 milioi pertsonak—  egin du behin edo behin online erosketaren bat. Baina zein izan da esperientzia? Zer bilatzen dugu online erosketa batean? Azkartasuna? Erosotasuna? Prezioarengatik erosten dugu? Produkturen baten esklusibotasunarengatik?

Online erosteko hainbat arrazoi daude, baina ikerketa honek dio komenigarritasuna, eskaintza eta prezioa direla zergati nagusiak. Bestalde, konfiantza da online erostera bultzatzen gaituen ezaugarri nagusietako bat (%74), aurretik izan dugun esperientzia ona eta ordainketen segurtasunak eraginda.

Belaunaldi berrien artean erosketa mota hori goresten duten arren, kanal hibridoa da gaur egun eta etorkizunari begira erosleek eskatzen duten konbinazio egokiena. Azken urtean, erosle fisiko esklusiboen ehunekoa (%22) eta internet bidezko esklusiboen ehunekoa (%16) jaitsi egin dira. Argi eta garbi diogu: erosketa batzuk online, azkartasuna, prezioa eta erosotasunarengatik. Baina beste batzuetan beti egingo dugu offline komertzioaren alde. Produktu batzuk bertatik bertara ikusi nahi ditugu, ukitu, usaindu edota espezialista baten ahotan entzun, nahi ditugu aholkuak izateko. Orain eta hemen.

Eskaintza, erosotasuna eta prezioa arrazoi handiak dira online erosteko, baina fisikoan ez bezala, zenbateraino gaude prest komertzio baten ilaran itxaroteko? Askotan e-commercea azkartasunarekin lotzen dugu, baina azkarra den bakarra erosketa momentua baino ez da. 

Online eta offlinean egiten ditugun ilarak ezberdinak dira. Denda fisikoan produktua aukeratu eta ordaintzerako orduan egiten dugu lerroa, eta batez besteko 6 minutuko pazientzia besterik ez dugu ilaran egoteko. Denbora horretan ez bagaituzte artatzen, erosketa bertan behera uzteko aukerak esponentzialki egiten dute gora.

Onlinean, berriz, produktu edo zerbitzua aukeratu, orgatxoan sartu eta ordaintzeko ez dugu arazorik izaten, baina erosketa etxeratzen den arteko denbora da erosleak egin behar duen ilara. Eta zenbat denbora itxaroteko prest gaude halako denda baten ilaran? Nahi beste.

Internet bidezko denda batean erosteak dakarren arriskua izugarria da. Erosketa horretan dauden faktore kopurua izugarria izan daiteke: erosi dugun dendaren almazeneko logistikaren azkartasuna, etiketatzea zuzen egitea, errepidean eguraldia, hornidura-katean izan daitekeen edozein krisi, grebak, gaixotasunak, banatzaileak helbidea ondo irakurtzea, entrega egiterako orduan etxean edo etxetik gertu harrapatzea, etxean ez bada bilketa-puntua irekita egotea, erosi dugun nahi edo behar genuena izatea, tailu edo kolorea egokia izatea, etab.

Orain gutxi ezagun batek auto berria erosi du, online. Hibridoa nahi zuen, marka konkretu baten modelo jakin bat. Pertsonalizatzeko aukera eskaintzen ziola kontatu zidan: kolorea, tonalitatea, akabera, autoaren barruko diseinua, eserlekuen forradura, bolantearen forma… Denetarik eskaintzen zuen eta esperientzia bikaina izan zela aitortu zidan. Autoa pertsonalizatu, prezioa baieztatu eta ordainketa-pasabideko formularioa bete zuen. Erosketa eginda! Amaierako orrialdera iritsi eta honako mezu hau irakurri zuen: “Zure eskaera bidean da. 14 hilabete falta dira eskaera iristeko”. Pertsona horrek hemen eta orain nahi du auto hori. Hemendik 14 hilabetera nork daki zer nahiko duen? Erosketaren zaharkitze edo obsoleszentzia da.

Zer dago urruti, zer gertu? Zer da azkarra, zer motela? Zer erosoa? Egin kontu ezer erosi baino lehen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK