Opari bat zuretzat

Olentzero etorri zen, eta autonomoa ala aldizkako langile finkoa den galdetzeko gogoz geratu ginen. Autonomoa balitz erantzuna, Rider Legeak eragin ote dion da hurrengo galdera. Mari Domingiri ere ez genion galdetu bere enpresan berdintasun plana betetzen ote den. Ez dakigu, ezta ere, lan kontraturik daukan. Izan zitekeen baita ere bikoteak kooperatiba txiki bat osatu izana.

Ez dira Gabon jaietako langile bakarrak. Jai guztietako otorduak pentsatzea, antolatzea eta prestatzea zaintza lana da, ia beti erosketako arduradun, sukalde antolakuntzako langile berberek egiten dutena. Txandaketa datorren urteko hitzarmenera eraman beharko litzateke. Baita garbiketa lan-taldearena ere.

Opariak pentsatzea, erostea, ezkutatzea eta garraiatzea logistika lana da. Eguberri jaien bukaerara diru apur batekin iritsi ahal izateko finantza-zuzendaria izan beharra dago. Familiarekin hainbat ospakizun bake pixka batekin kudeatzeko community manager on bat ondo letorke. Eta coach bat ere ez legoke soberan. Haurrak Olentzero, Errege kabalgata edo Gabonetako parkeetara eramateko titulua ezinbestekoa izan beharko litzateke. Eta komeni arriskuei aurre hartzeko egitasmo bat. Jai zoriontsuak pasatzea opa izateko, marketing ikasketak. Otordu demasekoetatik airoso irteteko, osasun plan bat. Jaietatik atsedena hartzeko, beste bi opor egun lan-egutegian.

Gabonak enpresa dira. Eta lanak bezain besteko lan eman ahal dute. Hemen nire Gabon-ekarpena, jaien erdialdeko erauntsi horretatik onik ateratzeko zereginetan aletxoa jarri asmo duena. Hilabete honetan dudan bidelaguna eskaintzen dizuet. Ez da gabon kanta, ez dauka zerikusirik gabonekin, baina, sinistu, 7 minutu t’erdietan bakea ematen du. Schmucke dich, O liebe Seele (Apaindu zaitez, o arima maitea), Johann Sebastian Bachek 1724an konponsatutako koral preludioa da, Ton Koopman musikari herbeheretar prestigiotsuak jotakoa. Arima apaintzekoa du izenburua, arima zer den horretan nekez ipiniko bagara ados ere, baina niri arima garbitzen zuela esan zidaten. Ez nuen ulertu. Musika entzun nuen arte. Jarri, hartu tarte bat, eta entzun marabilla hau. Barrua ikutzen utz iezaiozu. Gabonetan premiazkoa bihurtu dezakegun beste langintza baten hastapena izan ahal da hau: barrua garbitzeko musika aukeratzailea. Gozatu oparia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK