• IRITZIA
  • Oparotasun unibertsala: utopia teknikoa, blokeo politikoa
Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Oparotasun unibertsala: utopia teknikoa, blokeo politikoa

2026eko otsailaren 17a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Garai batean, bi aldiz pentsatu gabe esan ohi genuen "beste mundu bat posible da". Ez ginen xehetasun handitan sartzen, baina bazuen horrek zerbait, horizonte partekatuaren moduko zer edo zer. Gaur, berriz, esaldiak aire vintage bat du, nostalgikoa. Amets hura REM fasean geratu da, eta geure burua konbentzitu dugu nahikoa dela gauzak okerrera ez egitearekin. Arriskuak kudeatzea da gure egitekoa, etorkizuna imajinatzea ausarkeria dirudielako.

 

Eta, hala ere, datuek bestelako kontakizuna marrazten dute. Munduko ekonomiak 100 bilioi dolar baino gehiago mugitzen ditu gaur egun. Azken hiru hamarkadetan, muturreko pobrezia %36tik ia %9ra jaitsi zen —pandemiaren aurretik, hori bai—. Trantsizio energetikoa ez da fantasia erromantikoa: eguzki-energia da dagoeneko iturri merkeena planetako hainbat lekutan. Ekonomia globala deskarbonizatzeko behar den inbertsioa urteko munduko BPGaren %2-3 ingurukoa litzateke; diru asko da, noski, baina ikuspegi makroekonomikotik guztiz eskuragarria.

Ez da beharrezkoa hemen zerrendatzea egunero zuzenean ikusten ari garen aurrerapen zientifiko eta teknologiko ikusgarria. Ikuspegi teknikotik begiratuta, planetak baditu gaitasun produktibo, finantzario eta teknologiko nahikoak hurrengo mendean bizi-maila duinak unibertsalki bermatzeko.

 

Unibertsalki? Bueno, ia. Hazkundea oraindik beharrezkoa da, aukerak ez daudelako ongi banatuta. Baina behar dena ez da edozein hazkunde, ezta edozein preziotan ere. Hazkundea zuzendu egin behar da emisioetatik askatzeko, berrikuntza berdean oinarritua, giza kapitalean eta erakundeen sendotzean inbertitzeko. Hazkundeari uko egiteak ez ditu desberdintasunak murriztuko, baina zabaltzen ari diren arrakalak estutzeko tartea gutxituko luke gaur gaurkoz.

Oparotasun unibertsala ez da fantasia ekonomikoa, aukera estrukturala baizik.

Orduan, zer da huts egiten ari dena? Tira, gauza asko, baina guztien gainetik gure garai zoro honetan etengabe urritzen joan den baliabidea ausardia da. Ez da ezintasun teknikoa; hautu politikoa da.

Aurrekontu-mugak eztabaidatzen ditugun bitartean, munduko gastu militarra 2,4 bilioi dolarretik gora igo da, inoizko mailarik altuenera. Erabaki bat da. Merkataritza-zatiketa eta protekzionismoa onartzen ditu, nahiz eta badakigun ongizate iraunkorrak lankidetza behar duela. Erabaki bat da. Ez da ezintasuna: ausartak izateari uko egitea da, eta hori ere erabaki bat da.

Eta bada beste hutsune nabarmen bat: irudimen-krisia. Onartu dugu horizontea estutu egin behar dela, itxaropenak murriztea zentzuzkoagoa dela eta horrekin guztiarekin, etorkizuna erresistentzia hutsa bilakatu da. Krisi etengabeen segidak, polarizazioak eta tentsio geopolitikoek munduaren egonkortasuna higatu dute, eta baita alternatibak irudikatzeko gure gaitasuna ere.

Sekula ez dugu izan desberdintasun globalak murrizteko hainbeste gaitasun tekniko, eta sekula ez gara izan hain zuhur —koldar ez esateagatik— aukerak egiteko orduan.

Ispilu honetan begiratuta, Euskadi laborategi interesgarria da potentzialaren eta zuhurtziaren arteko tentsio hori aztertzeko. Gure BPG per capita Europako batezbestekoaren gainetik dago. Industriak oraindik ere BPGaren zatirik handiena ordezkatzen du eta langabezia-tasa —kezkatzekoa izan arren— ez da egiturazko zama. Ekosistema zientifiko eta teknologiko sendoa dugu, eta esportazio-maila handia.

Baina ekonomia irekia gara, eta ekonomia irekiek ez dute ongi funtzionatzen mundu itxietan, egonkortasun multilaterala, balio-kate malguak eta bizkorrak eta arau partekatuak behar ditugulako. Azkar zahartzen ari gara, eta etxebizitzaren edo belaunaldien arteko justiziaren inguruko desberdintasunak handitzen ari dira; garaiz ez badira artatzen, isilak izateari utziko diote.

Paperean, badugu berritzeko, lehiatzeko eta, batez ere, lankidetzan aritzeko muskulu nahikoa. Baina gure oparotasuna ez dago soilik gure produktibitatearen esku, eta jarduten dugun marko politiko globalaren menpe ere badago.

Oparotasun unibertsala ez da foro handietan soilik erabakitzen. Lurralde konkretuetan jokatzen da, lehiakortasuna eta birbanaketa zentzuduna uztartzeko apustua egiten denean; erakundeak sendotzen direnean. Hemen ere jokatzen da, kohesio soziala luxu morala baino, baldintza ekonomiko bat dela ulertzen dugunean.

Oparotasun unibertsala inozoa dela diotenei galdetu beharko genieke ea ez ote den inozoagoa sinestea gero eta desberdinagoak diren gizarteak egonkorrak izango direla. Kohesioa ez da lelo bat: azpiegitura ikusezina da.

Agian, hitzetik hortzera aldarrikatzen genuen esaldi hura zuzena zen: beste mundu bat posible da. Baina ez da nahikoa esatea: atzera eraman nahi gaituzten garai hauetan lankidetza indartzea eskatzen du, desberdintasun gero eta handiagoko testuinguruetan birbanaketa eskatzen du. Txikira jokatzera bultzatzen gaituzten partidetan, amets handiak egitea tokatzen da.

Bai, irakurle: ameslaria naiz, esan lasai. But I am not the only one.