Opor mugagabeak modan

Neguan sartu berri garela eta gabonetako jaiegunak igaro berri ditugula, nork altxatuko du ahotsa esateko badela enpresarik langileei opor mugagabeak ematen dizkienik, eta hortaz aldarrikatzeko gainontzekook ere berdina nahi dugula? Hala erabaki du AEBko Microsoft erraldoiak: langileek nahi duten denbora har dezakete beren lana eta helburuak betetzen badituzte, beti ere. Pandemiaren eragina nabarmena izaten ari da langileen eta lan-baldintzen malgutasunean. Telelanaren aukera bideragarri bihurtu zen momentu haietan enpresa askok aurrera egin ahal zezaten. Gerora ere mantendu egin da hibridoarekin batera lan egiteko modu aukera nagusi gisa, guztizko aurrez aurrekotasunaren gainetik erabat gailenduz.

Horrek talentua erakartzearen merkatua zeharo eraldatu du. Lanpostu malguagoak eskatzea eragin du, eta denbora horretan enpresen produktibitatea galdu ez denez, konpainia askok eskaera horiek entzun eta jendea erakartzeko bestelako formulen xerkan hasi dira. Entzutetsuena, azken hori.

Ez da opor mugagabeak hartzeko aukera eskaintzen duen lehen enpresa. Iparraldeko herrialdeetan pandemia aurretik ere politika mota hori praktikan jartzen zuen enpresarik ere bazen, eta etorkizunean ere fede oneko urratstzat hartuko delakoan nago. Langileei bizitza pertsonala eta lana hobeki uztartzen laguntzeko urrats guztiak izaten ari dira ongi etorriak gaur egun, eta lan lekuaz gain, ordutegian ere malguak izanez gero, asko areagotu dezake langileen fideltasun eta egonkortasuna. Telelanaren egonkortzearekin batera, 2023an modan jarriko den tendentzia izango da, eta ez ninduke harrituko urtea amaitzerako irakurle gehienok ordutegi malgu eta opor mugagabeen baldintzak izango bagenitu.

Hala eta guztiz ere, dena ez da urre opor mugagabeen titulu horretan. Opor mugagabeek zentzua eta efektua izan dezaten, berebiziko garrantzia du erakundean edo enpresan ezarrita dagoen kultura enpresariala. Halako malgutasunek ez dute ezertarako balio presiopean lan egiten dutenentzat; izan ere, langileek opor gutxiago hartzen dituzte, ez gehiago, lankideen presio eta egun libreen kopuru 'onargarriaren' inguruan dituzten interpretazioengatik. Gainera, 2022ko lan arloko ikerketa ezagun baten datuen arabera, opor mugagabeak ez dira langileek gehien atsegin duten onura; oporren kopuru mugagabea izan beharrean, gehienek malgutasuna baloratzen dute, etxetik lan egiteko aukera edota ordutegiarena barne. Onura hori beti nahi izan al dute langileek, ala inork eskatu ez duen sasi-saria da?

Ideia sinplea da: urtero ordaindutako opor egunen kopuru finko baten ordez, langileei egun kopuru infinitua ematen zaie, betiere nagusiarekin oporraldien datak adosten badituzte. Dena den, oporraldia diogunean ez du zertan hondartza edo mendira joateko izan; gurasoen kontziliazio beharrak edota osasun mentalerako denbora egokitu beharra ere izan daiteke motiboa. Politika horiei esker, langileek denbora librea har dezakete egokitzat jotzen duten denboran eta moduan.

Lan-eremua izan zen hizketagai pandemiaz geroztik, eta hemendik aurrera lan orduenak indarra hartuko du. Politikari, enpresari eta bestelako agintari batek edo bestek 2023. urtea lau lan-egunen urtea izango dela baieztatu dute. Lan-egunak gutxitzea ez nago ziur, baina ordutegiaren eta jaiegunen malgutasuna handitzearena, ziur baietz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK