Oporrak gozatzea: Europa bidea markatzen

Jakina denez, oporrak gozatzeko eskubidearen funtsezko izaera helburu bikoitzean datza: alde batetik, langileari bermatzea haren lan-kontratuaren arabera dagozkion zereginak betetzeko atsedena; bestetik, langilearentzako aisialdia ziurtatzea.

Egoera horretan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) duela gutxi aukera izan du oporrak erreklamatzeko preskripzio-epeei buruz iritzia emateko, enpresaburuak eskubide horren berri emateko eta hura sustatzeko jarrera proaktiborik agertzen ez duenean. Eta ondorioztatu du enpresaren aldetik ez bada izan oporrak gozatzeari buruzko informazio eta sustatze jarduera bat, ezin dela iraungitzat jo oporrak hartzeko eskubidea, nahiz eta araudi nazionalak erreklamazio-ekintza egiteko preskripzio-epe bat ezarri, edo, are gehiago, langileak ezin izan duenean oporrik hartu ezintasuneko egoera batean zegoelako.

Lehenik eta behin, 2022ko irailaren 22ko epaia. Kasu zehatz horretan, kontratua amaitu zitzaion langile alemaniar batek konpentsazio bat eskatzen zuen eskudirutan, azken lau urteetan hartu gabeko oporrengatik, enpresak ez baitzuen oporrak hartzea sustatu. Horren aurrean, enpresak eskubidearen preskripzioa alegatu zuen. Alemaniako legediaren arabera 3 urteko preskripzio-epea ezartzen du, erreklamatu nahi den eskubidea sortzen den urtea amaitzean hasten dena.

EBJAk zera dio: langilea lan-harremanen parte ahula denez, ez zaio langileari berari bakarrik egokitu behar urteko ordainsari-oporrak hartzeko eskubidea benetan gauzatzen dela zaintzeko zeregina; aitzitik, erantzukizun hori ekitatez banatu behar da enpresaburuaren eta langilearen artean, eta behar bezala bete behar da enplegatzailearen eta enplegatuaren arteko komunikazioa, non jakinarazten zaion oraindik hartu gabeko oporraldi ordaindu bat dagoela eta oporraldi hori hartzeko gehieneko epea.

Data bereko bigarren epai batean, ezintasunezko egoeran izan ondoren legeak markatutako epean oporrak disfrutatu ez dituen langile baten kasuan —Espainiako kasuan 18 hilabete oporrak sortu diren urtea bukatzen denetik—, EBJAk berriz ere adierazten du enpresak oporrak gozatzeari buruzko informazio eta sustatze betebeharrak dauzkala, eta epaitegiek egiaztatu behar dutela informazio hori garaiz eta modu egokian bete dela.

Laburbilduz, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak gogor mugatzen du oporrak hartzeko eskubidearen preskripzioa edo, harremana iraungiz gero, ordezko konpentsazio ekonomikoaren kobrantza, bakarrik eman ahal izango baita enpresak eskubidea informatuz eta sustatuz atsedenaldia gauzatzen lagundu duela egiaztatzen duenean.

Europa, beti Europa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK