Oporretan lan egiten dutenei

2025eko abenduaren 26a
elena laka

Lan munduaren barruan dagoen aniztasuna sailkatzeko kategoria asko erabil daitezke. Ia lanbide edo enplegu mota beste. Sailkapenak egiteko kategorietako bat izan daiteke soldata: lanbide arteko gutxieneko soldata irabazten duten langileak versus soldata edo irabazi duinagoak edo oparoak dituzten langile kontratupeko edo autonomoak (berdin guztiak langile). Beste ehunka kategoria bururatzen zaizkit banaketak egiteko lan motan edo lan baldintzei erreparatuz: lana zutik egiten duten langileak ala jarrita egiten dutenak, teilatupean dihardutenak edo aire librean, lanerako uniformea jantzi behar dutenak eta norbere arropekin dabiltzanak, bakarka egiten dutenak ala talde baten barruan aritzen direnak, une oro jendearen bistan egin behar dutenak ala jardunaldi osoan inork ikusten ez dituenak, ugazaba orpoz orpo daukatenak une oro ala soka librean dabiltzanak, lanera oinez joan ahal direnak ala garraio publikorik ere ez dagoen lantokietara desplazatu behar direnak. Lan ordutegia ere izan daiteke lanean dabilen jendea sailkatzeko modua: jardunaldi jarraitua ala zatitua, zurruna edo malgua, beti berdina ala txandaka. Segi eta segi daiteke sailkapenak egiten. Urteko sasoi honetan baina, sailkapen bat baino ez daukat nik buruan: Gabonetan oporrak dauzkaten langileak, edo Gabonetan lana eta askotan lan gehiago daukatenak.

 

Langile bat hesiaren alde batean ala bestean kokatu, horra hortxe urte bukaerako egun hauetan langileak izango duen aurpegia. Erabateko poztasunezko aurpegi erlaxatua aurten abenduaren 19tik edo 23tik Errege eguna pasatu arte oporretan dauden langileak. Estuxeago 24-25 eta 31-1 jai baino ez daukatenak. Jai egun gorrietan baino ez daukaten eta gainerako egunetan lanean intentsitate handia daukaten langileak, nekatuta. Azkenik, egun gorrietan ere lana egin behar dutenak, jaiekin etsita. Gabon egunak ez dira guztientzako berdinak: ezin afari ospakizun baterako gorputz bera eduki egun osoa dendan jendez lepo lanean ibili denak eta lau egun lasai-lasai oporretan dagoenak. Izango dira lan-egutegiak, 40, 38 edo 35 orduko asteak denontzat, oporrak beste sasoi batean, baina Gabon egun hauetan lanean buru-belarri dabilenak oporretan daudenen begirune apur bat beharko luke. Giza printzipioa izateaz aparte, langile elkartasuna ere bada. Ulertu, onartu, eta ahal den neurrian lanean diharduenaren lana erraztu, gaur egungo mantra bat erabiliz, eta barka esajerazioa, eskolan irakatsi beharreko ikasgai bat izan beharko litzateke.

Eta hori guztia lan ordainduari dagokionean. Zenbat betebehar eta eginbeharreko jaiak etxean ospatzeko, zenbat ezkutuko eta orduz kanpoko lan isil mahaikideak etxera etorri orduko ezer falta ez dadin, Olentzeroren etorrera ingurukoen gustukoa izan dadin. 

 

Errekonozimendu txiki bat hemendik dendetako langile guztiei (gehienak emakumeak), tabernetako zerbitzari guztiei eta, oro har, edozein arlotako langileei gainerako sasoietan baino jende gehiago artatu behar dutenak. Eta aipamen bat baita ere langile moduan sailkatuta ez egon arren, guztiok jaiak ospa ditzagun etxeko lan guztia egiten dutenei: etxea prestatu, jangaiak erosi, kozinatu, dena jaso eta garbitu, opariak antolatu eta etxekoak irribarrez jasotzeko prest daudenei. Lan egiten diharduzuen guztioi esker ospatzen ditugu denok Gabonak.