Orain artekoa egiten jarraitzea

“Komunitate bat gara. Zu, ni, gu... eta guztiok. Eta gure indarra hori hala dela jakitea da. Aurrera egiteko eta gure etorkizuna eraikitzeko gaitasuna dugulako. Gure etorkizuna nahi izan, sinesten eta lantzen dugulako. Garapen eta hazkunde partekatuaren alde egiten dugulako. Inor atzean utziko ez duen lur berde baten aldeko garelako. 1959an, gazte batzuek ingurua aldatzea erabaki zuten. Gaur egun munduak horixe egiten jarraitzea nahi du.”

Hala dio asteotan telebistan azaltzen ari den iragarki batek. Mezu indartsua da: elkartzearen indarraz ari da, denok norabide berean lan egiteaz, inor atzean utziko ez duen eredu ekonomiko baten aldarrikapena egiten duena, eta garapen eta hazkunde partekatu baten aldeko apustua egingo duena. Nola ez dugu nahiko horrelako ingurune eta ekonomia bat? Bada, Euskal Herriko industria talderik handienak —Mondragonek— urteroko batzarra egin zuen aurreko astean Donostiako Kursaalean, Ulmaren eta Oronaren exodoa gai zentral hartuta. Bi kooperatibek Arrasateko kooperatiba saretik irten nahi dute, Korporazioak, haien ustez, eman nahi ez dien autonomia enpresarial handiagoa eskatuta. 

Bi kooperatibok ez dira edozein kooperatiba. Korporazioa osatzen duten 95 enpresen artea, hauspoa dira Ulma eta Orona. Bien artean Korporazioko langilerariaren osotik (80.000) 11.000 langile baino gehiago enplegatzen dituzte bien artean. Gainera, bakoitzak 900 milioi euroko urteko fakturazioaren bueltan ibiltzen dira eta beren negozioa momentu gozoan eta hazkundean daude, ezbairik gabe. Ez dira lehenak; Ampo eta Irizar kooperatibek ere Korporaziotik irtetzeko erabakia hartu zuten 2008an, krisi ekonomiko betean.

Lau kooperatiben arrazoi nagusiak, itxuraz, gobernantza ereduan aldaketa baten beharrarekin loturik daude: Irizarrek “erabakiak hartzeko malgutasun eta arintasun handiagoa” eskatzen zuen; Amporen kasuan kudeaketa-eredu espezifiko bat erabili nahi zuten, MCCn ohikoa ez dena, "eraginkorragoa izan daitekeela antolaketa-konfigurazio bereizia izanda" argudiatuz; eta Orona eta Ulmaren kasuan orain, Korporazioaren barruan autonomia gehiago eskatzen dute, “bereizgarri egiten dituzten ezaugarriei eta kudeaketa eredu propioei eutsi ahal izateko”.

Talde batek kultura amankomun bat definitzen du, eta lidergo-sistema bat ezarri. Gobernantza eredu propioa edo irizpide partekatuak izatea botere korporatiboaren adierazpena da, nahiz eta kontraesankorra izan daitekeen enpresa baten emaitzak antolatzeko modurik eraginkorrena ez denean. MCCk, ordea, azkeneko batzarrean iazko emaitzak partekatu zituen, eta 2021ean salmentak %5 handitu zirela azpimarratu zuen, 11.400 milioi euroko fakturazioa gaindituta.

Emaitza ekonomikoek gobernantza eredua babestu eta laguntzen badute, zerk eragin dezake kooperatiba bat emaitza ekonomiko positiboak ematen dituen korporaziotik batetik atera nahi izatea? Hierarkiak eragindako higaduraren ordaina al da? Gobernantza argudioen atzean, emantzipazio ekonomiko osoaren nahia dago? Korporazioaren dimentsioak ikuspegi estrategikoa lausotu al du? Elkarrekin ikasteari utzi al diote kooperatibek? Antolakuntzak hazkundea galarazten al du? Erantzukizuna desegiten akaso?

Iragarkiak esan bezala, gizarte bezala komunitatearen zentzua berreskuratzeko garaia da, eta gure indarra hori dela jakinaraztea; lezioak alde batera utzi eta elkarrengandik ikastea; aldaketarekiko erresistentzia negatiboak atzean uztea; iraganeko arrakasta begiratzeari utzi eta elkarrekin etorkizunera begiratzea. Orain artekoa egiten jarraitzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK