Orbain sendaezinak, sendatzeko garaiz?

Prekarietatea honela definitzen da: zerbaitetarako behar diren bitarteko edo baliabideen gabezia edo egonkortasun, segurtasun eza. Lan-prekarietatea kontzeptu gisa 1974an erabili zuen lehen aldiz OIT lanaren munduko erakundeak, eta honela definitu zuen: lanpostuaren ezegonkortasuna, dela kontraturik ez izateagatik, dela denbora jakin baterako kontratua izateagatik.

Enplegu prekarioa, kontzeptua baino gehiago, gazte askok eta ez hain gazteek azken bi hamarkadetan pairatu duten gertaera da. Zoritxarrez, horrek gizartean eta batik bat gazteengan orbain larria eragin du. Orbain-efektua (scarring effect) dira testuinguru jakin batzuek (ekonomikoak, politikoak, sozialak edo finantzarioak) gizabanako baten gaztetasunean dituzten ondorioak, eta gainera gero momentu horietan hartutako erabakiek eta lehentasunek eragina izaten jarraitzen dute lan-bizitza osoan.

Zenbait baldintza txar edo ezegoki onartzeak gero kalte egiten die enpleguan hobetzeko ahaleginean. Nork ez ditu lagunak edo ezagunak ikasketak amaitzean nahiago izan dutenak lanpostu prekarioak izan enpresa handietan, curriculum vitaean prestigioa lortzeko, eta azkenean erreta eta esperientziarik gabe amaitu dutenak?

Prekarietatea gurpil zoro bihurtu da gazteentzat, eta oraindik ez gara gai izan geldiarazteko. Dilema honetan datza: gazte batek, gazteriari balio handiagoa eman behar zaiola uste duelako, mota horretako enplegu prekarioei mugak jartzen badaizkio edo uko egiten badie, harrokeriatzat joko da eta lan egiteko gogorik ez duela esango zaio. Gainera, enplegu hori zirkinik ere egin gabe onartuko duen gazte mordo bat izango dira atzetik, behar hutsagatik.

Duela gutxi, Espainiako gobernuak txosten bat atera zuen, eta txosten horretan esaten zenez, biztanleria aktiboaren ia erdia (11,9 milioi) lan-egoera prekarioan dago. Txostenak langile prekarioko sei talde identifikatzen ditu: aldi baterako lan-harremana dutenak, nahi ez den kontratu partziala dutenak, azpiokupazio funtzionala duten soldatapekoak —duten prestakuntza-maila baino txikiagoa eskatzen duena—, soldatapekorik gabeko autonomoak, lan-ordutegi oso luzeak edo oso txikiak dituztenak, ordu gutxiegi dituzten azpienplegatuak eta aurretik lan egin duten langabeak (2,6 milioi pertsona).

Gogoetarako astia bukatzen ari da, eta ekimenera jo beharko genuke. Egoera eta joera honekin jarraitzen badugu gure etorkizuna ezabatzen ari gara, desmotibatuta dagoen gizarte bat eta pobrezia nagusi izango den etorkizun bat eraikita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK