Ordaindu gabeko pasibotik libratzea

Bizitzak bigarren (edo hirugarren edo laugarren) aukera bat eskaintzea. Nork ez du amestu horrelako aukera bat izatea begien aurrean? Bigarren aukera bat gauzak beste modu batera egiteko, aurretik lotzen gaituzten sokarik gabe, aurretik harrapatuta gaituzten obligaziorik gabe. Bigarren aukera bat bizitza berri bati ekin ahal izateko, iraganean egin ditugun akatsetatik libre, bizkarrean hartu ditugun pisuetatik jare edo bizitzaren patuak jarri dizkigun oztopoetatik aske.

Denok dauzkagun mugen barruan, pertsona bakoitzak egiten du bere bizitzarekin nahi duena eta ahal duena. Baina gaur egun behintzat legeak ematen digu pertsona fisikooi aukera bat lotuta eduki gaitzaketen zenbait errota-harritik askatzeko, eta aurrerako bidea arinago egiteko. Aukera aurretik lotzen gaituzten zorretatik libratzeko, eta ordaindu behar ditugun eta itolarrian gauzkaten zor ekonomiko horretatik aske geratzeko. Ordaindu gabeko pasibotik libratzeko modua indarrean dago ordenamendu juridikoan, are prozedura errazagoa eta sinpleagoa 2022ko irailean konkurtso legearen aldaketa indarrean sartu zenetik. Zorretatik libratu bizitzan bigarren aukera bat eduki ahal izateko.

Ordaindu gabeko pasibotik libratzeko prozedura behar bada ez da oso ezaguna, informazioa ez da premia izan zezakeen jende askorengana ailegatu. Merkatal Epaitegian eraman beharreko prozedura judiziala da. Norentzako izan daiteke aproposa? Zorrak gaindituta dagoen edozein pertsonarentzako, daukan zor edo zorrei aurre egiteko nahikoa ondasun ez daukan edozein pertsonarentzako. Bete beharreko baldintzak dira: fede onez joka dezala, azken hamar urteetan legearen onura horretaz baliatu ez izana, Ogasuna eta Gizarte Segurantzaren aurka deliturik egin ez izana, zorrak bost milioi euro baino txikiagoak izatea. Beharrezkoa da zordunak bi edo gehiago izatea.

Eta zer eskaintzen du bigarren aukerak? Ogasunarekiko zorreko 10.000 euro kentzea, eta beste horren beste Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber ken daitezke bestelako zorrak: bankuekikoak, entitate pribatuek emandakoak, kontsumorako maileguak, telefono konpainiekiko zorrak, alokairuko errenta zorrak, etab. Bigarren aukeraren ondorioz, enbargoak eta zorrak erreklamatzeko prozesu judizialak geratu egiten dira, ez dute interes gehiago sortzen, eta behin prozesua bukatuta zordun berankorren fitxategitik ateratzea lortzen da. Eskatzaileak aukera dezake daukan ondarearekin zorrak ordaindu (baldin eta ondarea badauka, berdin da nahikoa den ala ez) ala jabetzan daukan etxebizitza salbatu eta ordainketa plan bati ekin kentzen ez zaizkion zorren zatia ordaintzeko.

Pertsonentzako abantaila ugari dauzkan prozedura da bigarren aukera, duela gutxi arte sozietate edo enpresentzako soilik gordeta zeuden konkurtsoaren onurak pertsona fisikoei ere eskaintzen dizkielako. Horiek bai, zorretatik libre geratu diren enpresari eta sozietateak ezagunak egiten zaizkigu. Sozietateek dauzkaten ondarearekin egiten diote aurre zorrei, ez bazkide dituzten pertsona fisikoen ondarearekin. Printzipio oinarrizkoa enpresa munduan, hori gabe nekez trafiko ekonomikoa. Eta hala ere sarritan gainerako enpresen edo pertsonen kalte. Gogoan, adibidez, Jaurlaritzak Zaldibarko enpresari erreklamatuko dizkion 28 milioiak kobratuko dituen ala ez. Hainbat enpresa eta enpresari atera izan dira aurrera bigarren aukerari esker. Bada ordua aukera hori kaleko jendearen artean, pertsona fisikoen artean, zabaltzeko, edozein pertsona, bizitzan zori makalagoa izandakoa bada ere, bigarren aukeraz balia dadin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK