• IRITZIA
  • Ordutegia eta erantzukina ez dira gauza bera
Managing partner Smart Jidokan eta ‘Alto impacto. Consejos de Administración que transforman la empresa con éxito'-ren egilea

Ordutegia eta erantzukina ez dira gauza bera

2026ko azaroaren 13a - 05:30
Iratxe LasHayas IA 2

Erantzukizunaz, ekimenaz eta arazoak konpontzeko gaitasunaz ari nintzen duela egun batzuk eraldaketa-prozesu batean murgilduta dagoen enpresa bateko arduradunekin. Halako batean, norbaitek aipatu zuen arazo garrantzitsu bat sortzen denean, batzuetan lanean pixka bat gehiago geratu behar izaten dela hura konpontzeko. Esan eta, berehala, ez zela ordu gehiago lan egitearen alde ari argitu behar zuela sentitu eta hala egin zuen. Izan ere, enpresa hartan 'presentzialismoaren' kulturaren arrastoak daude, berandu ateratzea konpromiso handiagoaren seinale balitz bezala, eta gaizki ulertua sortzeko kezka izan zuen.

 

Aipamenaren bueltan, noski, elkarrizketa ordutegiak, kontziliazioa eta aparteko orduak bezalako gaietan murgildu zen. 

Saioa bukatu eta egunetara, gaur lerro hauetara ekarri nahi dudan kezka burura etorri eta ezin gainetik kendu nabil: ardurak dituzten pertsonen artean egonda, zergatik jarraitzen du ordulariak eztabaidaren erdigunean?

 

Bai, ondo egin dugu 'presentzialismoa' zalantzan jarri dugunean. Enpresan hamar ordu emateak ez gaitu profesional hobeak egiten. Ordutegia zorrotz betetzeak, baina, esan nahi al du gure lana bete dugula?

Badakit ez dudala ezer berririk esaten galdera horri ezezkoarekin erantzuten badiot. Lanaldiko ordu asko eman ditzakegu baimenen zain, gaizki diseinatutako prozesuen ondorioz lanak berriro egiten edo inork zalantzan jartzen ez dituen eraginkortasun faltak mantentzen. Horrela denean, zenbateko balioa sortzen dugu egunerokoan?

Kontua ez da gehiago lan egitea, hobeto lan egitea baizik. Eta horrek gure zereginak betetzeaz harago doan erantzukizuna eskatzen du: egiten duguna beharrezkoa ote den galdetzea, sinplifikatu ote dezakegun edo, akaso, modu eraginkorragoan egin. Batzuetan, proaktiboa izatea agenda hustea da: alferrikako bilera bat kentzea, behin eta berriz agertzen den arazo bat konpontzea edo funtzionatzen ez duen zerbait egiteari uztea.

Zuzendaritza-taldeek kultura hori sustatu behar dute, baina erantzukizuna ezin da zuzendarien esku soilik geratu. Benetako erronka norbanakoan dago: pertsona bakoitzak, bere lanpostutik eta lanak ahalbidetzen dion autonomia-mailarekin, emaitzak hobetzen laguntzea. 

Malgutasunak aukera eman behar digu behar pertsonalei erantzuteko, horrek arazorik sortu gabe; aldi berean, noizean behin lanaldia luzatzeko beharra sortu daitekeela ere ulertu behar da, aparteko ahalegina ohiko bihurtu gabe. Hau da, emaitzak lortzeko sistematikoki hamar ordu lan egin behar badugu, argi dago gauza asko berrikusteko beharra dagoela: lan-kargak, lehentasunak, prozesuak edo erabakiak.

Horretarako guztirako, enpresa-lidergoa erabakigarria da, zuzendarien galderek argi erakusten baitute konpainiak benetan zer baloratzen duen. Argia nork pizten duen eta nork itzaltzen duen interesatzen al zaigu? Ordutegia betetzen dela egiaztatzea al da gure lehentasuna? Edo lortzen diren emaitzak behatzen ditugu, sortzen dugun balioa aztertuz eta hobetzeko zer aldatu behar dugun hausnartuz?

'Presentzialismoa' gainditzeko, beraz, ordutegitik harago begiratu behar genuke. Fokua ez genuke jarri behar zenbat gehiago lan egiteko prest gauden aztertzean, baizik eta gure lana nola hobetu dezakegun pentsatzean. Eta, batez ere, galdera honetan: prest al gaude horretarako dagokigun erantzukizuna hartzeko?

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain