Orekariak

Friedrich Nietzsche filosofoak zioenez, bizitzaren herena libreki antolatzeko modurik ez baduzu, irakurle, zure burua esklabotzat hartu beharko zenuke.

Lanaren mundua gure gizarteko puzzleko pieza zentrala da. Lanaren ingurumarian antolatzen ditugu bizitza esaten diogun dena-delakoaren atal guztiak: aisialdiari eskainitako denbora lanak utzitako zirrikituetan gauzatzen da;  gure burua zertan eta nola formatuko dugun gerorako lan-itxaropenaren baitan erabakitzen dugu; norberaren zaintzarako tarteak eta ingurukoena bideratzeko baliabide propioak edo besterenak lanaren arabera antolatzen ditugu, eta abar luzea. Lan egiten dugu bizitza aurrera eramateko, baina lanak (edo lanik ezak) gure bizitza antolatzen du. Gizarte-paktuaren erdigunean jaun eta jabe da lana: lan egiten dugu bizitza aurrera ateratzeko, nahiz eta lanak berak bizitza hori hankaz gora jarriko digun. Noiz arte izango da bideragarria bizitzari bizkar ematen dion lan egiteko modu hau? Udako sasoia heldu da eta orekariarena egitea tokatzen zaigu guztioi beste behin ere (batzuoi gehiago), alanbrearen gainean ez erortzeko saiatzen, ezinezkoa dela jakinda ere.

Orekarena ez da metafora soil bat. Nietzsche aipatu dut, baina ez da hari zor zaion kontzeptua, are gutxiago lorpena, langile eskarien oinarrizko aldarrikapena baita gaur egun ere, eta izan da betidanik. Bistan denez, lorpen sozialak ez dira egun batetik besterakoak, ezta pertsona bakar baten emaitza. Edonola ere, Robert Owen izeneko enpresaria eta gizarte-ikertzailea jo ohi da lanaldi duinaren aitaponteko gisa, beste zenbait ekarpenen artean lan handia egin baitzuen horren alde. 1810.eko hamarkadaren bueltan, familiako enpresaren ardura bere gain hartu zuen Owenek eta horren kariaz, lantegiko langileen egoera bertatik bertara ezagutu ahal izan zuen. Berehala jabetu zen langileek pairatzen zituzten askotariko jatorrizko gabeziek inpaktu zuzena zutela beren lanaren kalitatean, eta gaur egun begien bistakoa iruditzen zaiguna esan zuen: lanaren kalitateak lotura zuzenki proportzionala zuela langileen bizi-kalitatearekin, edo zehatzago esanda, bizi-kalitaterik ezarekin.

Esan eta egin. Ekoizpena emendatzeko, lanaren egiturari zegozkion atal guztietan hobekuntza-programa bat ezarri zuen: langileen etxebizitzetan baldintza duinak ezarri ziren, higienearen eta hezkuntzaren arloetan oinarrizko eskubideak bermatzeko aurrera urratsak egin ziren, haurren lana debekatu edo mugatu zen eta 1817rako zortzi orduko lanaldiaren helburua finkatu zuen: "zortzi lanordu, zortzi jolas-ordu, zortzi atseden-ordu" izan zen aldarrikapen horren beharra zabaltzeko erabili zen leloa. Oso oinarrizkoak zaizkigu horiek guztiak gaur egun, baina industria-iraultzaren testuinguruan paradigma-aldaketa ekarri zuen: miseria eguneroko ogia zen langile industrialen artean, 15 ordu baino gehiagoko lanaldiak ohikoak ziren eta lan-eskubideen kontzeptua bera, fantasia hutsa.

Ordutegiak orekatzea helburu zuen lanaldien egitura izan zen lan-bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko Industria Iraultzaren garaian adostu zen erantzuna, baina eredu hori agortu egin da. Gauzak aldatu egin dira, baina funtsean, beti-betiko galdera da beste behin ere erantzun beharko genukeena, gizarte-pakturen haustura saihestu nahi bada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK