Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Osagarria ala osagaia?

2025eko maiatzaren 27a
Eg. 2025eko maiatzaren 27a
pilar kaltzada

John Berger idazle ingelesaren aipu batekin egin dut topo aste honetan. Halaxe dio, gutxi gora-behera, nire itzulpena hala moduzkoa baita: "Pobreak dira kontakizun zintzoak egin ditzaketen bakarrak. Errealitatea kontatzeak ausardia eskatzen du eta gaur egun jende aberatsa koldarra da, beren ondasunak eta pribilegioak babestea beste motibaziorik ez dute eta. Pobreek, ordea, ahotsa besterik ez dute beren existentziaren froga emateko, eta horregatik hitz egin behar dute, hil ala bizikoa zaie".  Itxaropena hortzen artean izenburuko bere lan baten ageri da pasarte hori.

 

Joan den astean Ateratzen ez diren kontuak txostena plazaratu zuen Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak laneko pobreziari aurpegiak eta ahotsak jartzeko. Enplegu bat izan arren, zeure eta zeure familiaren oinarrizko beharrak asetzeko diru nahikorik ez duten pertsonak 10retik 1,3 dira Euskal Autonomia Erkidegoan, baina ia 1,6 dira beren kargu seme-alabarik dutenen kasuan. 2023an, gurean batez besteko diru-sarrera 25.051 eurokoa izan zen urteko eta beraz, pobrezia-arriskua 15.030 eurotan kokatzen da, hau da. 1.250 eurotan ezarri da “pobreziaren atalasea”, kopuru horretara iristen ez diren pertsonak pobrezia-arriskuan dira berez. Seme-alabak haztearen kostua 866 eurokoa dela kontuan hartzen badugu, hala da: kontuak ez dira ateratzen. Beharrak zenbat eta handiagoak izan, orduan eta prekarioagoak. Ordu gutxiko lan-jardunaldiak nagusitzen dira, ordu horiek gaizki ordaintzen dira eta eskuarki iraupen urriko eta errotazio handiko lan-postuak izaten dira. Horra laneko pobreziaren geografia eta demografia.

Datu batzuk besterik ez dira. Askoz gehiago izan zitezkeen, askotarikoak baitira teilakatzen diren desberdintasunak. Baina ez luke zertan hala izan beharrik, ez derrigorrez, behitzat. Sistema ekonomikoak ez dira berezkoak, geuk aukeratu eta egin egiten ditugu. Eta geuk aukeratu eta sortu dugu pobrezia sortzetik elikatzen den sistema; pobrezia modu sistematikoz sortzen duen sistema. Lana izatea ez da bizimodua aurrera atera ahal izateko nahikoa eta seme-alabak izatea pobre izateko arrisku-faktorea da. Helburu hori ez badu ere, ondorio hori sortzen duen sistema berrikustea ezinbestekoa da. Berger-engana itzuliko naiz une batez. Beste pasarte baten, zera dio: "Mende honetako pobrezia ez da garai batekoa bezalakoa. Lehen gabeziek sortzen zuten pobrezia eta orain besteen pribilegio eta lehentasunek eragiten dute". Agian ez da errealitatearen kontakizuna huts egiten duena, errealitatea bera baizik.

 

Egun hauetan Donostian Arizmendiarreta Social Economy Think Tank delakoak antolatu duen ASETT Foroa ekonomia sozialaren erronkez eztabaidatuko da. Forma juridiko desberdinak izan ditzaketen arren, printzipioetan bat datozen enpresak eta erakundeak dira izendapen orokor horretan biltzen direnak: pertsonak eta helburu sozialak kapitalaren gainetik jartzen duten enpresak eta jarduerak dira. Ez zaie zertan hitz egin faltako, alajaina.

Ekonomia soziala ez da gaur egun nagusi den sistemaren osagarria, etorkizuneko ekonomia eta gizarte-antolaketaren oinarri-oinarrizko osagaia baizik.