Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Osasun gizatiarra ezbaian

2026eko urtarrilaren 12a
xabi murua 2022

2026. urtea hasi besterik ez da egin eta dagoeneko "bonbazo" bat argitaratu du adimen artifiziala garatzen duen erraldoi batek: ChatGPTk osasun kontsultak egiteko aplikazioa merkaturatu du, eta osasungintza eraldatu dezakeen lehen pausotzat adierazi dute tentuz aditu askok. Baina zer aldatzen du horrek osasungintzan? Kontsulta batean eserita dagoen pertsona baten errealitatea aldatzera al doa? Mediku edo erizain baten lana akaso? Sektore askoren status quoa eraldatzen ari den honetan, adimen artifizialak ere egin ditu bereak osasungintzan, eta 2026an badirudi beste pauso bat ematera doala.

 

Goizeko zortziak dira eta itxarongelan jendea pilatzen hasi da. Aurrekariak berrikusteko denbora gutxi du, historia klinikoak zatikatuta ditu sisteman, eta gaur ere denboraz larri artatu behar dituen “10 minutuko paziente bat”-en mandatupean. Momentu horretan bertan, albistea iritsi zaio Whatsappetik: “ChatGPT Health aurkeztu dute, adimen artifiziala osasun-sistemara iritsi da, herritarren laguntzaile gisa, triaje gisa, orientazio gisa… erabakiak hartzen laguntzeko promesarekin". Honela dio: “Norberaren informazio-medikoa ChatGPTren adimenarekin modu seguruan integratzeko diseinatutako esperientzia, informazio, konfiantza eta prestakuntza gehiago izan ditzazun zure osasuna zaintzeko orduan.”

Osasunari loturiko gaiak ChatGPTn gehien kontsultatzen direnen artean dira dagoeneko. Astero, ehunka milioi pertsonak egiten dituzte ongizate eta zaintza pertsonalari buruzko galderak. Zer atera daiteke gaizki? Erotu egingo gara.

 

Jakina da osasun sistema publikoan, eta gure Osakidetzan, profesional beharrean garela. Pazienteak gero eta gehiago dira, kasuak gero eta konplexuagoak, eta profesionalak, nekatuta, erre egiten dira askotan. Dauden profesionalek duten denbora ez da nahikoa, eta denborarik gabe ez dago esplorazio onik; esplorazio onik gabe, ez dago kalitatezko arretarik; eta kalitatezko arretarik gabe, zerbitzua halakoa izaten da. Denbora, eta kostua ere bai. Osakidetzak 2026 Tarifen Liburua argitaratu du, hirugarrenei osasun-zerbitzuak emateagatik kobratzen dituen prezioekin: familiako medikuarekin hitzordua hartzeak 70 euro balio du esaterako, eta egun bat ospitalean ingresatuta egoteak 1.300 euro baino gehiago. Ez al lituzke AAk Osakidetzako denbora eta kostuak murriztuko ChatGPT Health delakoarekin? Teorian laguntzaile perfektua dirudi: sintomak sailkatu, arriskuak aurreikusi, galdera egokiak proposatu, kasu sinpleak iragazi.... Bai, baliteke soluzio posible bat izatea. Baina herritarraren eskuetan jartzearekin zer? Algoritmo baten esanetan sintomak esploratzea, gaixotasunen probabilitateak kalkulatzea, eta protokoloak aplikatzea herritarren esku uztea al da erraldoi horren helburua? Zein izango da medikuaren edo erizainaren lana etorkizunean, AAk asmatu ez dituen eta larriagotu diren kasuak artatzea?

Herritarren osasun-protokoloaren muina ezin du sistema teknologiko bat izan, eta osasungintzako profesionalak periferian edo B plan gisa utzi. Nork erantzungo du AAk gomendio okerra egiten badu? Nork azaldu eta formatuko du herritarra profesionalengana joateko kriterio edo ardura eraiki dezan? Nork du azken hitza horretan guztian?

Ez naiz teknofoboa edota ludista. Badakit etorkizunean norabide horretan asko dugula garatzeko. AA lagungarria izango dela? Zalantzarik ez dut, baina adimen artifiziala ez dadila izan sistemaren hutsuneak estaltzeko tresna. Ez dadila izan profesional gehiago kontratatu beharrean jartzen dugun protesia. Osasunak ez du soilik eraginkorra izan behar; osasunak gizatiarra behar du, enpatikoa eta arduratsua. Konfiantza eta erantzukizun partekatua behar dugu gizarte bezala, eta hor, gaur-gaurkoz, makinek ez dakite nola jardun.